Buru osasunak gero eta presentzia gehiago du komunikabideetan eta sare sozialetan. Baina ikusgarritasun handiago hori ez dator beti bat gaiaren tratamendu arduratsu eta zehatza egitearekin. Egun, gero eta naturaltasun gehiagorekin hitz egiten da sufrimendu emozionalaz eta osasun mentaleko arazoez, eta testuinguru hori aztertzeko mahai-ingurua egingo du Agifesek. Parte-hartzaileek buru osasunaren inguruko narratibaz hausnartuko dute, zehaztasun informatiboa eta estigmari aurre egiteko konpromisoa oinarritzat hartuz.

Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak antolatutako ‘Buru osasuna eta komunikabideak: nola informatu estigmatizatu gabe’ izenburudun topaketan elkartuko dira Agifesen 2025eko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak.

Ekitaldia Groseko Okendo Kultur Etxean egingo da, 18:30ean hasita, eta egungo diskurtsoaren kalitateaz, arriskuez eta aukerez eztabaidatzeko aukera egongo da, komunikabide tradizionaletan zein formatu digital berrietan arreta jarriz.

Saioan hitza hartuko dute honakoek:

  • Telebista eta Ikus-entzunezko Edukien kategorian sariduna izan den ETB 1eko Teknopolis saioko kide Jon Larrañagak.
  • Irratia eta Podcast kategorian saritutako Cadena SER kateko ‘La jaula de los normales’ saioko gidari Aloña Velascok.
  • El Diario Vasco egunkariko kazetari Ion M. Tausek, Prentsa Idatzia eta Komunikabide Digitalak kategoriko irabazleak.

Komunikazio arloko profesional hauekin batera izango dira Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoa eta Egoitz Petisco. Azkenak bere esperientzia pertsonala partekatuko du.

Kazetaritza konprometituaren alde

Mahai-inguruko parte-hartzaileek buru osasunaren inguruko informazio-estaldurak izan duen bilakaera aztertuko dute, eta gaiaren gehiegizko ikusgarritasunak eta tratamendu arduragabeak ekar ditzaketen arriskuak jorratuko dituzte, hala nola banalizazioa, testuingururik gabeko titularrak, autodiagnostikorako joera edo desinformazioa.

Topaketak mahai gainean jarriko du komunikabideen erantzukizuna, buru osasunaz arduraz eta zehaztasunez hitz egiteko betebeharra baitute gizartea eraldatzeko eragile gisa duten funtzioa betetze aldera. Halaber, hizlariek hausnarketa egingo dute diagnostiko larrienek jasotzen duten trataeraren inguruan, ohikoago bihurtu diren arazoekin alderatuta; hala nola antsietate edo depresio sintomak. Sare sozialek zein komunikazio formatu berriek narratiba honetan duten rola ere aztergai izango da.

40 urte pertsonen eta familien ondoan

Aurten bere 40. urteurrena ospatzen du Agifesek. Ibilbide luze honetan, buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien senideen alboan egon da, eskubideen alde borrokan eta gizartea sentsibilizatzeko lanean.

Elkartearen ustetan, komunikabideak funtsezko aliatuak dira buru osasunaren inguruko gizarte-ikuspegia eraldatzeko bidean. Horregatik, kazetariak, eduki-sortzaileak, komunikazio profesionalak eta herritarrak gonbidatu nahi ditu hausnarketa honetan parte hartzera.