Lafuenteren helburua “gizarteak nahasmenduari buruz duen ikuspegi murritza” zabaltzea da, munduko biztanleriaren %2k gaixotasun hori duela kontuan hartuta. Horretarako, garbitasun eta ordenarekin erlazionaturiko patologia ezagunez aparte, Lafuentek beste nahasmendu ezezagunagoak ere aztertuko ditu, ‘amodioen TOC’ edo ‘TOC homosexuala’ deiturikoak kasu. Lehenengoak bikotearen akatsak handiago ikustera eramaten du pertsona eta, “saiheste jokaeraren bitartez”, bikote-harremanak etetea eragiten du. Bigarren kasuan, heterosexuala den pertsonak homosexuala/lesbiana delako ustea gara dezake, eta alderantziz.

 

Nahasmenduari aurre egiteko hainbat terapia aipatu ondoren, TOCa duten pertsonen onarpen sozial txikiaz aritu da psikologoa. “Oso bakarti ikusten dira gizarteak nahasmendua ulertzen ez duelako”, eta sentimendu horri aurre egiteko, familiaren eta gizartearen motibazioa eta laguntza jasotzea zein garrantzitsua den nabarmenduko du Lafuentek.