‘Osasun Mentala lehentasun global bilakatuz: zerbitzuak hobetuz aldarrikapenaren eta hiritarren ekintzaren bitartez’ izan zen 2008ko Osasun Mentalaren Mundu Egunaren leloa, baita Fedeafes osatzen duten lau elkarteek Gasteizko Estibaliz monasterioan ospatu zuten elkarkidetza egunarena ere. Bertara joan zen, urriaren 11an, Agifeseko…
Agifesek Osasun Mentalaren Mundu Eguna ospatu zuen Gasteizen
‘Osasun Mentala lehentasun global bilakatuz: zerbitzuak hobetuz aldarrikapenaren eta hiritarren ekintzaren bitartez’ izan zen 2008ko Osasun Mentalaren Mundu Egunaren leloa, baita Fedeafes osatzen duten lau elkarteek Gasteizko Estibaliz monasterioan ospatu zuten elkarkidetza egunarena ere. Bertara joan zen, urriaren 11an, Agifeseko kide diren erabiltzaile eta familiar talde bat aldarrikapen jardunaldi batean parte hartzera. Jokoak, bazkaria eta festa izan zituzten han.
Hainbat eskakizunen inguruan antolatu zuten eguna Agifes, Avifes, Asasam eta Asafes elkarteek. Besteak beste, gaixotasun mentala eta berau pairatzen duten pertsonak onartzea eta kontzientzia publikoa indartzea aldarrikatzen zuten, bai eta hobekuntzak bermatzea politika publikoetan eta diagnostiko eta tratamendu integral zein banakakoetan. Era berean, buru-eritasuna duten pertsonek jasaten duten estigma eta diskriminazioa murriztearen alde egin zuten, gaixoek laguntza bilatzeko adorea galdarazten baitiete. Eta, nola ez, aldarrikapena eta hiritarren ekintza defendatu zituzten mundu mailako osasun mentalaren politikan aldaketak eragiteko baliabide eraginkor gisa.
Jokoak eta bazkaria
Goizean zehar hainbat joko izan ziren eta lau elkarteetako kide eta familiar ugari animatu ziren parte hartzera. Ondoren, sariak jaso zituzten jokoetan garaile irten zirenek, Gasteizko alkate ohi José Ángel Cuerdaren, gaur egun Gasteizko Andra Mari Zuriaren jaietan Zeledon pertsonaiaren papera betetzen duen Gorka Ortiz de Urbinaren eta honen aurrekaria izan zen Iñaki Landaren eskutik. Bazkari oparo batez gozatu zuten ostean 400 pertsona baino gehiagok eta musika eta dantza izan zituzten bazkalondoan ospakizunarekin amaitzeko.
