Donostian eta Eibarren eskaini ziren Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo arrakastatsuen ostean, ekimen berria antolatu dugu Gipuzkoako hiriburuko Principe zineman. ‘Mintzatuz osatu’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoak dituzten pertsonekiko enpatia eta gizarte-babesa sustatzea. 

 

Proiekzioak, eta horien ondoren egingo diren solasaldiak, azaroaren 7an, 14an, 21ean eta 28an izango dira, Principe zineman, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan edo Donostiako Agifeseko egoitzan, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, astelehenetik aurrera. Gehienez bi sarrera har ditzake pertsona bakoitzak saio bakoitzeko. Ikusleak, pelikularen ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.

 

Azaroaren 7an emango zaio hasiera zikloari ‘El lado bueno de las cosas’  filmarekin. David O. Russell zuzendariaren komedia dramatiko horrek Oscar sarietarako zortzi nominazio jaso zituen eta bi buru nahasmendu azaltzen ditu: bipolarra eta obsesibo-konpultsiboa. Hurrengo saioan, 14an, Johnny Depp aktorea protagonista duen eta buru nahasmendua duen artista baten bizitza korapilatsua kontatzen duen ‘Benny & Joon (El amor de los inocentes)’ eskainiko da. Azaroaren 21ean, berriz, Philip Seymour Hoffman aktore handia ikusiko dugu, depresio larria duen alargun gisa, ‘Con amor, Liza’ komedia dramatikoan. Zikloa ‘Love & Mercy’ filmak itxiko du azaroaren 28an, psikosia zuen Beach Boys taldeko buru Brian Wilsonen bizitzan oinarritutako istorioak, hain zuzen.