Saioak doan izango dira, eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean egingo dira, Irungo Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan, 19:00etan. ‘Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten…
Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum arrakastatsuaren edizio berria eskainiko du Irunen
- Saioak doan izango dira, eta maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean egingo dira, Irungo Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan, 19:00etan.
- ‘Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako ekimenaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.
- Proiekzioen ondoren, filmaren mezuan sakontzeko solasaldia egingo da, buru osasunaren inguruan.
Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren zazpigarren edizioa burutuko du Irunen. Ekimena maiatzeko asteazkenetan izango da Amaia Kultur Zentroko hitzaldi aretoan (sarrera A. López Becerra kaletik), 19:00etatik aurrera.
Agifesek ekimen honen bi edizio antolatzen ditu urtero, jende ugari erakartzen baitu hitzorduak: bata finkoa, Donostian; eta bestea, ibiltaria, Gipuzkoako eskualde guztietara iristeko helburuarekin. Jada saio bana hartu dute Eibarrek, Zarautzek, Bergarak eta Errenteriak. ‘Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.
Saioak maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira. Sarrera doan da eta gonbidapenak Irungo Turismo bulegoan bertan jaso ahal izango dira, pelikula bakoitzaren proiekzioaren aurreko astean zehar, asteazkenetik aurrera. Ikusleak, pelikularen ondoren burutuko den solasaldian parte hartzeko aukera izango du, filmaren mezuan sakontzeko.
Maiatzaren 4an emango zaio hasiera zikloari, Barbra Streisand-ek zuzendutako ‘El príncipe de las mareas’ filmarekin, eta depresioaren eta suizidioaren inguruan gogoeta egiteko aukera zabalduko du. Hilaren 11n, aldiz, ‘Las horas’ pelikularen txanda iritsiko da, euren bizitzari zentzua ematen saiatzen diren garai ezberdineko hiru emakumeren drama estatubatuarra. Hirurek Virginia Woolf-en Mrs. Dalloway eleberriarekin lotura daukate. ‘Lars y una chica de verdad’ pelikula izango da maiatzaren 18ko saioaren ardatz, gizon bakarti batek panpina batekin duen maitasun istorioa. Zikloari amaiera emateko, ‘Que nadie camine por mi mente con los pies sucios’ antzezlana proiektatuko da 25ean. Ikuskizunaren ondoren, antzezlanaren ordezkariekin solasaldia egingo da, buru osasun arazoek gure gizartean eragiten duten estigmari buruz sentsibilizatzeko.
