Agifesek ‘Zinema eta Buru Osasuna’ zineforum zikloaren saio berria eskainiko du Donostian
- Ekitaldia: Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloa: ‘Inocencia Interrumpida'
- Data: 11 AZA 2024
- Tokia: Príncipe Zinemak. Donostia
- Ordua: 19:00

Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren azaroaren 11n, 19:00etan, Principe Zinemetan. Filma ‘Inocencia interrumpida’ izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasun-nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean film honi esker.
Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina ikusleek aldez aurretik jaso beharko dute euren gonbidapena zinemako tabernan, azaroaren 4tik aurrera. Bertaratuek pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, filmaren mezuan sakontzeko asmoz Agifeseko kideen eskutik.
Elkarteko zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria du. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Aurten, Andoainen, Arrasaten eta Zumarragan izan da dagoeneko.
Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.