Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren abenduaren 10ean, 19:00etan, Irungo Amaia kultur zentroan. Filma ‘Inocencia interrumpida’ izango da, Susanna Kaysen idazle estatubatuarraren memorietan oinarritutako drama, mugako nortasun-nahasmenduarekin diagnostikatu ondoren bizitako esperientzien ingurukoa. Pelikulak 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko bateko paziente gisa izandako bizipenak kontatzen ditu. Angelina Joliek emakumezko aktore onenaren Oscar saria irabazi zuen 2000. urtean film honi esker.

Emanaldirako sarrera doakoa izango da, eta ikusleek pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango dute, filmaren mezuan sakontzeko asmoz Agifeseko kideen eskutik.

Elkarteko zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria du. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Aurten, Andoainen, Arrasaten, Zumarragan eta Donostian izan da dagoeneko.

Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.