Álvaro de la Fuentek, bere neskalagun Aloña Aristizabalen laguntzaz, eskizofreniarekin bizi duen esperientziari buruzko liburua aurkeztuko du bihar, 19:30etan, Oiartzungo udaletxean. Bi protagonistok Agifes elkarteko kideak dira, eta lan hau Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira aurkeztu nahi izan dute.

Álvarok bere bizitzako gorabehera garrantzitsuenak kontatzen ditu ‘Horma zurietako iratxoak’ liburuan. Eskizofreniaren diagnostikoa, jatorria, bere inguru bortitza eta bizimodu gogorra gaztaroan, kontsultak, tratamenduak, osasun mentaleko zentroetan egindako egonaldiak, eta abar. Barne bidaia azkar bat eginez, buru gaixotasunaren sufritu izan duten pertsonekin bat egiten du egileak. Fikzioa eta errealitatea nahasita, etengabeko eta eguneroko esfortzu handi baten berri ematen digu.

Aurkezpen ekitaldian parte hartuko dute, Álvaro eta Aloñarekin batera, Joxan Eizmendi, Oiartzungo Udaleko Kultura teknikariak; Iker Arrizabalaga, Agifes Elkarteko psikologoak; eta Asier Legorburu, Oiartzungo Kultura zinegotziak.