Agifeseko erabiltzaileak Interneten jarduera nabarmena izaten ari dira azkenaldian. Elkarteko zerbitzu desberdinetan parte hartzen duten kideek bi blog sortu dituzte aurtengo udaberrian eta, orduz geroztik, astero-astero elikatzen dituzte, elkartean gauzatzen dituzten ekintzen berri emateko. Karabelekon diharduten Agifeseko erabiltzaileek, astean zehar…
Agifeseko erabiltzaileek euren eguneroko ekintzen berri emateko blogak sortu dituzte
Agifeseko erabiltzaileak Interneten jarduera nabarmena izaten ari dira azkenaldian. Elkarteko zerbitzu desberdinetan parte hartzen duten kideek bi blog sortu dituzte aurtengo udaberrian eta, orduz geroztik, astero-astero elikatzen dituzte, elkartean gauzatzen dituzten ekintzen berri emateko.
Karabelekon diharduten Agifeseko erabiltzaileek, astean zehar egiten duten lana azaltzeaz aparte, Hernaniko etxalde agroekologikoaren egunerokotasunean burutzen dituzten ekintzak azaltzen dituzte, baita sukaldatzen dituzten errezeten sekretuak partekatu ere! karabelekoagifes.blogspot.com blogean, argazkiekin erakusten dute etxaldeko jarduera, bai baratzekoa eta bai dendakoa, eta egunero bazkaltzen dutenaren irudi erakargarriak argitaratzen dituzte.
Bestalde, Agifeseko hiru zentroetako eta aisialdi taldeko erabiltzaileek ere blog berriari ekin zioten maiatzean haien jarduera guztiak plazaratzeko. Txokolatearen Museora bisita, Urgulleko tontorrera edo Gasteizera egindako txangoen azalpena, eurak idatzitako poemak, sukaldaritza tailerreko madalenak eta haragi bolen errezetak… Hori guztia eta askoz ere gehiago irakurgai duzue ibiltzenagifes.blogspot.com blogean!
Oporraldiak
Gure erabiltzaileen aisialdirako eskaintzaren barne, oporraldi anitzez gozatzeko aukera anitz dituzte Fedeafesen eskutik. Ekainean, Asafes, Avifes, Asasam eta Agifes elkarteetako 40 lagunetik gorako taldea abiatu zen Gijonera. Bederatzi begiralerekin batera, hilaren 16tik 22ra, asturiar hiriaz, hondartzaz eta inguruneez gozatzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek. Bertan burututako ekintzen artean azpimarragarriak dira Oviedora, Villaviciosara, Cudillerora eta Arriondasera egindako txangoak. Halaber, Asturiaseko Herri Museoa eta Oviedoko Arte Ederretako Museoak bisitatu zituzten. Agifeseko 15 erabiltzailek eta hiru begiralek parte hartu zuten buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak antolatutako oporretan.
Oporraldi programaren helburu nagusiak dira buru gaixotasuna duten pertsonei normaltasuna eta modurik autonomoenean moldatzeko aukera ematea, baita inguruko pertsonekin harremandu daitezen bultzatzea eta estigma sozialari aurre egitea ere. Aldi berean, familiei laguntza emateko xedea du programak, familia osoaren bizikalitaterako behar den atsedena bermatuz.
