Agifesek ‘Baikor pentsatu nahi duzu?’ lelodun 2012ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur. Ekimen honekin, “buruko osasuna guztion ardura dela ohartarazi nahi diogu gizarteari”, adierazi du gaur Vicente Areta elkarteko presidenteak. Halaber, buruko nahasmenduak dituzten pertsonekiko enpatia sustatu nahi du Agifesek, baita jarrera baikorra hedatu ere, “bizitzak aurrez aurre jartzen dizkigun egoera konplexuei aurre egiten laguntzen baitigu”.

Agifesen sentsibilizazio proiektua gaur goizean aurkeztu dute, elkarteak Morlans pasealekuko 3. zenbakian daukan egoitza berriaren inaugurazio ekitaldiaren testuinguruan. Vicente Aretaren hitzetan, lokal berriak “gure lana baldintza bikainetan egiteko aukera ematen digu”. “Ongietorriak izan zaitezte guztiok gure etxe berrira. Ateak irekiak dituzte buruko osasunarekin loturiko kontsultak egin nahi dituztenek edota laguntza eta aholkularitza behar dutenek”. Bestalde, Agifeseko lehendakariak eskerrak eman dizkie Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari aspalditik elkarteari eskaintzen dioten laguntzagatik. Aretak prentsaurrekoa eskaini du Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrerekin eta Txelo Pérez Ezinduen Laguntzako zuzendari nagusiarekin. Ekitaldian parte hartu dute, gainera, Ruth Encinas entitateko gerenteak eta Nekane Azuabarrena Ibiltzen Benta Berri errehabilitazio psikosozialerako zentroko arduradunak.

Juan Karlos Izagirrek adierazi du Udala oso pozik dagoela inaugurazio berriarekin eta Agifes zoriondu du egiten duen gizarte lanagatik. Gainera, aditzera eman duenez, “buruko gaixotasuna duten pertsonak urte askoz baztertuak izan dira, eta bada garaia gizartean barneratuak izan daitezen”. Ogibidez medikua izan dela eta buruko gaixotasuna “familian gertutik bizi izan” duela gogorarazi ondoren, Izagirrek azpimarratu du kolektibo honek oso bereziki behar duela “ingurukoen laguntza”. Bestalde, Txelo Perezek oso positiboki baloratu ditu instalazio berriak, herriari “arreta hobea” eskaintzeko aukera ematen baitute. Horrez gain, Agifesen lana administrazioentzat oso lagungarria dela nabarmendu du.

KANPAINAKO EKINTZAK
Ibiltzen Benta Berri errehabilitazio psikosozialeko zentroko arduradun Nekane Azuabarrenak aditzera eman du kanpainaren eduki nagusiak www.baikorpentsatzendugu.org webgunean daudela. Plataforma horren bitartez, “gizartearen eta gure kolektiboaren partaidetza bultzatu nahi dugu ekimen ezberdinekin”. Webgunean aurki daiteke, gainera, “Pentsamendu baikorraren aldeko manifestua”. “Edonor atxiki daiteke agiri horretara, eta ahalik eta sinadura gehien bildu nahi ditugu”, adierazi du Azuabarrenak. Horrez gain, elkarteko erabiltzaile eta senide batzuk eta Óscar Terol aktorea protagonista dituen bideoa ikus daiteke bertan.

Lehiaketak eta jarduera anitzak ere gauzatuko ditu elkarteak. Hasteko, “martxan jarri ditugu pentsamendu baikorren bilduma bat osatzeko ekimena, eta buruko gaixotasuna duten pertsonen, ahaideen eta horrelako egoerak gertutik bizi izan dituzten pertsonen esperientzia pertsonalak, buruko gaixotasunaren prozesuan ikasitakoak, aholkuak, eta abar. jasotzeko atal bat”. Bestalde, datozen hilabeteetan, bi lehiaketa abiaraziko ditugu, bata argazkilaritzakoa eta bestea, kontakizun laburrei buruzkoa. “Buruko gaixotasunaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dugu ikuspuntu baikor eta konstruktibo batetik”, gaineratu du Azuabarrenak. Webgune horrek psikologia eta buruko osasunari buruzko artikuluak edukiko ditu, bai eta Agifesek eskaintzen dituen zerbitzuen gaineko informazioa ere.

Ekimen nagusietako bat izango da udazkenean egingo den buruko osasunaren aldeko lasterketa, Why Not? Fundazioarekin elkarlanean antolatutakoa. Urte osorako hitzaldi, proiekzio eta ikastaro egitaraua osatzen ari da elkartea, gainera. Egun, formazio tailerrak eskaintzen ari dira Agifeseko profesionalak Gipuzkoako zenbait udalerritan, senideek buruko eritasunak dituzten pertsonekin duten bizikidetza hobetzeko teknikak ikas ditzaten.

ETORKIZUNERAKO ERRONKAK
Ruth Encinas Agifeseko gerenteak jakinarazi du elkarteak 200 erabiltzaile inguru izan dituela 2011an bere zerbitzu eta baliabideetan: zaintzapeko zortzi etxebizitza, errehabilitazio psikosozialeko hiru zentro, aisialdi eta denbora libreko programa eta etxez etxeko programa psikohezitzailea. “Bestalde, familia esku-hartze programaren bitartez 240 pertsona gehiagori eskaini diegu laguntza, eta 227 harrera eta orientazio prozesu burutu ditugu”.

Elkartearen zerbitzuak hedatu badira ere, Encinasek onartu du jende askoz ere gehiagok behar duela laguntza. Horregatik, elkartearen erronka nagusietako bat da “Gipuzkoako eskualde guztietara iristea, buruko patologiaren baten eragin zuzena edo zeharkakoa jasaten duten pertsonek behar dituzten laguntza eta orientabidea izan ditzaten”. Beste helburuetako bat izango da “erabiltzaileentzako proiektu eta programa berriak garatzeko finantzazioa lortzea”. Martxan dago jada senideentzako asteburuetarako atsedenaldi programa. Why Not?-en laguntzarekin sortu da proiektu hori eta ekainean abiatuko da. Eta maiatzaren amaieran irekiko da Donostiako Buena Vista-ko errehabilitazio psikosozialerako zentroa. Horrez gain, “finantzazio modu berriak bilatu nahi ditugu urte honen amaieran edo 2013 hasieran zaintzapeko etxebizitza berri bat ireki ahal izateko”.