Azaroaren 13an, astelehenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren bigarren filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. Nerabeen depresioa aztertzen duen ‘Una historia casi divertida’ komedia estatubatuar original eta dibertigarrian 16 urteko Craig gaztetxoaren istorioa kontatzen da. Protagonistak buru osasun instituzio batean sartzea erabakitzen du, eta, bertan, lagunak egin, maitemindu eta esperientzia aberasgarri ugari bizitzen ditu. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Azaroaren 6an hasi zen zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 20an eta 27an, Donostiako Príncipe zineman, 19.30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.

Gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen dituen eta bi Oscar sari eskuratu dituen ‘El indomable Will Hunting‘  drama estatubatuarrak eman zion hasiera ekimenari. Hilaren 13ko proiekzioaren ondoren, azaroaren 20an ‘Buscando a Eric’ filma eskainiko da, eta 27an azken urteotako italiar zinemaren arrakasta handienetakoa proiektatuko da: ‘Locas de alegría’.