Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren azaroaren 27an, 18:30ean, Soreasu Antzokian. ‘Palabras en las paredes del baño’ filma ikusi eta horren inguruko gogoeta egiteko aukera izango dute bertaratuek.

Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du drama estatubatuar honek. Sendagai esperimental batekin duen tratamendu berriak institutuan nahiz institututik kanpo bizimodu normala izateko aukera emango diola espero du gazteak. Zinemako sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira Entradium-en edo Sanagustin kulturgunean.

Agifesen zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartu du aurten. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Tolosan, Beasainen eta Donostian egin dira saioak pasa den hilabeteetan, eta Azpeitiako hitzorduaren ondoren, saio berria izango dugu Elgoibarren urtea bukatu aurretik.
Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.