• Agifesen zineforum ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartuko du. Saio bakarrak eskainiko ditu elkarteak hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena.
  • Lehen saioa maiatzaren 16an izango da, Tolosako Leidor zineman, 18:30ean.
  • Proiekzioen ondoren, filmak buru osasunaren inguruan duen mezuan sakontzeko solasaldia egingo da.

Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforum ziklo ezagunak formatu ibiltaria izango du aurten. Saio bakarrak eskainiko ditu elkarteak hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Lehenengo saioa maiatzaren 16an izango da, 18:30ean, Tolosako Leidor zineman, ‘Palabras en las paredes del baño’ filmarekin. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du drama estatubatuar honek. Izan ere, sendagai esperimental batekin duen tratamendu berriak institutuan nahiz institututik kanpo bizimodu normala izateko aukera emango diola espero du.

Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan, maiatzaren 9tik aurrera. Ikusleak pelikulaz eta proiekzioaren ondorengo solasaldiaz gozatu ahal izango du, filmaren mezuan sakontzeko.

Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.