Agifesen Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloaren saio berria egingo da Donostian
- Ekitaldia: Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloa: ‘Palabras en las paredes del baño'
- Data: 13 AZA 2023
- Tokia: Príncipe Zinemak. Donostia
- Ordua: 19:00
Agifesek Zinema eta Buru Osasuna zineforum saioa eskainiko du datorren azaroaren 13an, 19:00etan, Príncipe zineman. ‘Palabras en las paredes del baño’ filma ikusi eta horren inguruko gogoeta egiteko aukera izango dute bertaratuek. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du drama estatubatuar honek. Sendagai esperimental batekin duen tratamendu berriak institutuan nahiz institututik kanpo bizimodu normala izateko aukera emango diola espero du gazteak. Zinemako sarrera doan izango da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan, azaroaren 6tik aurrera.
Agifesen zinema-ziklo ezagunak formatu ibiltaria hartu du aurten. Saio bakarrak eskaintzen ari da elkartea hainbat udalerritan, jende gehiagorengana iritsi ahal izateko Gipuzkoan barrena. Tolosan eta Beasainen egin dira saioak pasa den hilabeteetan, eta Donostiako hitzorduaren ondoren, saio berria izango dugu Elgoibarren urtea bukatu aurretik.
Egitasmoaren helburua da buru osasuneko arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere.