• Azaroaren 14an, 19:30ean Donostiako Príncipe zinemetan, Montxo Armendáriz zinemagileak zuzendutako ‘No tengas miedo’ drama psikologikoa proiektatuko da.
     
  • Pelikularen ondoren solasaldia egongo da, Agifeseko sentsibilizazio batzordearen eskutik, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitzeko.
     
  • Hirugarren eta laugarren zineforum saioak azaroaren 21ean eta 28an izango dira.

Azaroaren 14an, astelehenean, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren ‘No tengas miedo’ filma proiektatuko da Donostiako Príncipe zinemetan, 19:30ean. Montxo Armendarizek zuzendutako drama psikologiko honek aitarengandik sexu-abusuak jasaten dituen neska gazte baten istorioa kontatzen du, baita bere bizitzan zehar jasaten dituen ondorio psikologiko, sozial eta familiarrak ere. Proiekzioaren ondoren, Agifeseko sentsibilizazio batzordeko kide batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko. 

‘Buru osasunaren zaindariak’ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen ezagutza zabaltzea, baita buru nahasmendua duten pertsonen gizarteratzea sustatzea ere. Azaroaren 7an ‘Litus’ pelikularekin hasitako zineforum zikloak beste bi saio izango ditu hilaren 21ean eta 28an, Donostiako Príncipe zinemetan, 19:30ean. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.

Hurrengo hitzordua azaroaren 21ean izango da ‘Un amor intranquilo’ pelikularekin. Familia elkarrekin mantentzeko ahaleginean dabilen bikote baten istorioa kontatzen du. Senarrak nahaste bipolarra du eta zailtasunei aurre egiten saiatuko dira. Hilaren 28an, berriz, ‘El rey del barrio’ filma proiektatuko da. Judd Apatowek zuzendutako pelkula honek Pete Davidson komediante eta aktore estatubatuarrarengana hurbildu nahi gaitu. Aita hil zenetik buru osasuneko arazoak dituen gaztea da protagonista.