Gizarte Gaietako diputatu Ander Rodríguezek jakinarazi du, gaur, urtero 5.000 kasu berri hartzen dituztela Gipuzkoako buru osasun zentroek, eta iaz zifra hori %6,49 handitu zela 2010arekin alderatuz. Horrez gain, gogorarazi du 25.000 gipuzkoar daudela buru osasun arazoengatik tratamenduan, eta datu…
Ander Rodríguez: “Urtero 5.000 kasu berri hartzen dituzte Gipuzkoako buru osasun zentroek”
Gizarte Gaietako diputatu Ander Rodríguezek jakinarazi du, gaur, urtero 5.000 kasu berri hartzen dituztela Gipuzkoako buru osasun zentroek, eta iaz zifra hori %6,49 handitu zela 2010arekin alderatuz. Horrez gain, gogorarazi du 25.000 gipuzkoar daudela buru osasun arazoengatik tratamenduan, eta datu hori 80.000ra iristen dela Euskadin.
Rodríguezek parte hartu du Agifes elkarteak urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Mundu Egunaren harira kolektiboaren beharrak aldarrikatzeko eskainitako prentsaurreko batean. Gogorarazi du gaixotasun mentala duten pertsonak eta senideek estigma eta bazterketa jasan dutela denbora luzez, eta ez dutela beti administrazio publikoen laguntza nahikoa izan. Instituzioen eta buru osasunaren arloko elkarteen arteko koordinazioa kolektiboaren beharrei erantzuteko ezinbestekoa dela gaineratu du diputatuak.
Bestalde, Gizarte Gaietako departamentuak zaintzapeko pisuetan eta zentro espezializatuetan dituen plazak handitzeko egindako esfortzua azpimarratu du Rodríguezek, eta aditzera eman duenez, Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu da aurten 280 plaza berri sortzeko, horietatik 74 buruko gaixotasuna duten pertsonei zuzendutakoak.
Pilar Aramendi Agifeseko sentsibilizazio batzordeko kideak aldarrikatu du “orain inoiz baino beharrezkoagoa” dela buru osasunari arreta ematea, inbertsio publikoak murrizteari uko eginez. Adierazpen hori aurtengo Buru Osasunaren Munduko Egunaren leloarekin bat datorrela ezagutarazi du, “Inbertsio onena, zure buru osasuna” goiburua aukeratu baitute Estatuko elkarteen konfederazioak (FEAFES) aurten.
Zehazki, Pilar Aramendik prebentzioaren, detekzio goiztiarraren eta laneratzearen aldeko apustua indartzeko eskatu die erakundeei. Eta gaineratu du “inbertsio horiek ez direla gastua, baizik eta kontu publikoetan aurrezteko aukera emango dutela”.
Nekane Azuabarrena Ibiltzen Benta Berri errehabilitazio psikosozialerako zentroko arduradunak zehaztu duenez, 2011n 227 pertsonari harrera egin zion Agifesek. Horrez gain, aipatu du elkarteak 14 laguntza talde dituela martxan, Eibarren, Donostian, Bergaran, Azpeitian eta Zarauntzen. Horietako bi buru gaixotasuna duten pertsonei zuzenduta daude, eta gainerakoak, senideei.
Azuabarrenaren hitzetan, Gipuzkoan 220 plaza daude, guztira, errehabilitazio psikosozialeko zentroetan, eta horietako 80 kudeatzen ditu Agifesek. Bestalde, elkartearen etxez etxeko programa psikohezitzailean 24 kasu daude egun. Era berean, senide eta zaintzaileentzako prestakuntza ikastaroak, hitzaldiak eta jardunaldiak eskaintzen ari da Agifes Gipuzkoa osoan. Ekintza horiek oso harrera ona lortzen ari dira eta, beraz, ikus daiteke familia askok informazioa eta orientazioa jasotzeko beharra daukatela.
Buru Osasunaren Munduko Eguna ospatzeko antolatutako ekitaldien artean, aipagarria da asteazken honetan Tolosan egingo den hitzaldi bat, Yolanda Iglesias psikologoaren eskutik, “Norbere burua zaintzea, besteei zaindu ahal izateko: buru gaixotasuna duten pertsonen senide eta hurbilekoentzako aholkuak” izenburupean. Mintzaldia kultur etxean izango da, 19:00etan. Eta asteazkenean Agifeseko bi kidek, Álvaro de la Fuentek eta Aloña Aristizabalek, idatzitako liburua aurkeztuko da Oiartzungo udaletxean. Udalak babestutako argitalpen horrek egileetako baten esperientzia pertsonala kontatzen du, eskizofrenia diagnostikatu ziotenetik. Aurkezpena 19:30ean izango da, bilkuren aretoan.
