Iazko irailaz geroztik, hainbat sentsibilizazio-ekintza egin ditugu osasun mentala eta buru nahasmenduak gizartean ikusarazi eta informazioa zabaltzeko.
Azken ikasturteko sentsibilizazio ekintzen balantze positiboa
Iazko irailaz geroztik, hainbat sentsibilizazio-ekintza egin ditugu osasun mentala eta buru nahasmenduak gizartean ikusarazi eta informazioa zabaltzeko. Gure helburua da, urtean zehar, Gipuzkoako eskualdeetan jarduera ezberdinen bitartez herritarrengana hurbildu eta elkartearen babesa adieraztea. Aurten bereziki pozik gaude ekimen guztiek izandako harrerakin, dozenaka pertsona gerturatu baitira hitzordu bakoitzera. Suizidioa, gazteen buru osasuna, familien beharrak eta segurtasun juridikorako neurriak jorratu ditugu hainbat hitzalditan. Gainera, zineforum zikloaz gozatu dugu zenbait udalerritan. Ikasturteko ekitaldi nagusien artean, Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Sarmientoren arteko solasaldi interesgarri eta dinamikoa izan genuen Anoetan.
Iraila ERRENTERIA | HITZALDIA
Suizidioa: nola lagundu dezaket prebenitzen
Aretoa gora-goraino bete zen Bidegin elkarteko presidente Izaskun Andonegik eskainitako hitzaldian. Bertan Lurdes Hueta ere izan zen, bere buruaz beste egin zuen pertsona baten senidea, eta sufritzen ari diren familiartekoei laguntzeko informazio oso baliagarria eman zuten.
Urria DONOSTIA | JARDUNALDIA
Gazteak eta buru osasuna: premiazko erronka
Gazteek buru osasunaren arloan jasotzen duten arretaren gabeziak aztertu genituen urteroko jardunaldian. Osasun, gizarte eta hezkuntza arloetako beharrak identifikatu genituen erakundeetako ordezkari, profesional eta euren esperientzia partekatu zuten pertsonekin batera.
Azaroa | Abendua DONOSTIA, AZPEITIA, ELGOIBAR | ZINEMA
Zinema eta buru osasuna Zineforum Zikloa
Zinema-zikloak formatu ibiltaria hartu zuen 2023an eta saio bakarrak eskaini genituen hainbat udalerritan: Donostian, Azpeitian eta Elgoibarren. Proiektatutako filma ‘Palabras en las paredes del baño’ izan zen. Eskizofrenia paranoidea duen nerabe baten istorioa kontatzen du.
Abendua IRUN | HITZALDIA
Buru osasuneko arazoak dituzten familien beharrak
Iker Arrizabalagak Buru Osasuna Euskadik aurkeztutako euskal familien egoerari buruzko ikerketaren ondorioak azaldu zituen eta zuzendaritza-batzordeak eskualdeko familien behar espezifikoak identifikatzeko saio bat dinamizatu zuen.
Ots | Api | Mai Andoain, Arrasate, Zumarraga | ZINEMA
Zinema eta Buru Osasuna zineforum zikloa
‘Inocencia interrupida’ ikusi eta aztertu genuen Erika Río eta Mikel Sarmiento gazteen eskutik. Pelikula honek mugako nortasunaren nahasmendua jorratzen du. Kasu erreal batean oinarrituta dago filma, eta 1960ko hamarkadan ospitale psikiatriko batean paziente batek bizitako esperientzia kontatzen du.
Martxoa DONOSTIA | SOLASALDIA
Gurrutxaga eta sarmiento, Buru osasunaz hizketan
Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohiak eta Mikel Sarmiento gazteak euren bizipen pertsonalak partekatu zituzten Anoetan, Nekane Azuabarrena psikologoaren laguntzaz. Solasaldiaren helburua taburik gabeko komunikazioa bultzatzea eta estigmari aurre egitea izan zen, buruko osasun arazoak naturalizatzeko helburuarekin.
Apirila IRUN | HITZALDIA
Buru osasuneko arazoak eta familia
Iker Arrizabalaga psikologoak buru osasuneko arazoek familiengan duten eragina aztertu zuen, eta bertaratuei orientazioa eskaini zien krisi egoerak kudeatzeko eta familiaren gainkarga arintzeko.
Maiatza EIBAR | HITZALDIA
Segurtasun juridiko neurriak
Esther Ezponda abokatu eta Agifeseko zuzendaritza-batzordeko kideak emandako hitzaldian, buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen babes juridikoko neurriei buruzko informazioa eskaini zuen.