Azkoitian buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako elkar laguntzako taldea sortzeko ekimena aurkeztuko dute
- Ekitaldia: Elkar laguntza: buru osasunaren ikuspegi desberdina
- Data: 24 MAR 2026
- Tokia: Azkoitia. Elkargunea (Oteiza aretoa). Aita Madinabeitia plaza.
- Ordua: 19:00
- Hizlaria: Idoia Azkoitia eta Mikel Merino, elkar laguntzako agenteak
Azkoitian buruko osasun arazoak dituzten pertsonentzako elkar laguntzako talde bat sortzeko ekimena aurkeztuko dute datorren martxoaren 24an, asteartea, 19:00etan, Azkoitiko Elkargunean (Oteiza aretoa) egingo den hitzaldi ireki batean.
Topaketa Udalak antolatu du, Agifesen laguntzarekin, berdinen arteko elkar laguntza zertan datzan ezagutarazteko eta herrian bertan talde bat martxan jartzeko proposamena herritarrei luzatzeko. Talde hori osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek beraiek kudeatutako espazioa izango da, esperientziak partekatzeko, elkarri entzuteko eta laguntzeko.
Ekimenaren bultzatzailea Idoia Azkoitia da, Agifeseko bazkidea eta elkar laguntzako agentea. Agifeseko elkar laguntzako agente Mikel Merinorekin batera, berdintasun harremanean oinarritutako arreta-ereduari buruz hitz egingo du. Hain zuzen, elkar laguntzako agenteek buruko osasun arazoak lehen pertsonan bizi dituzte, eta besteei laguntza emateko unean daude euren errekuperazio prozesua egin ostean.
Babes mota hau laguntza psikologiko eta psikiatrikoaren osagarria da eta, Agifesek urteetan zehar egiaztatu ahal izan duenez, horizontaltasunean eta konfiantzan oinarritutako hartu-emana oso eragingarria da, pertsonei aurrera egiten laguntzen baitie nabarmen.
Saioa irekia izango da herritar guztientzat.

