Aurten, Rural Kutxak eta Behobia-San Sebastian lasterketak indarrak batu dituzte osasun mentala ikusarazteko helburuarekin.
Behobia-San Sebastian lasterketa, buru osasunaren alde
Aurten, Rural Kutxak eta Behobia-San Sebastian lasterketak indarrak batu dituzte osasun mentala ikusarazteko helburuarekin. Atletismo proba ezagunak gizarte-kausa bat babesten du urtero, eta aurten Agifes eta Why Not? erakundeak hautatu ditu.
Hala, buru osasunari babesa eman nahi diotenek aukera izango dute euren ekarpen ekonomikoa egiteko Behobiaren webguneko formularioa betez. Izena ematerakoan edota beste edozein momentutan egin daiteke borondatezko dohaintza, eta bildutako dirua kirol- eta aisialdi-programak finantzatzera bideratuko da, bai eta buru nahasmenduen arreta, prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzera ere.
Jakina da lau pertsonatik batek buru osasuneko arazoren bat izango duela bizitzan zehar. Antsietateak, depresioak edo buru nahasmendu larriek milaka laguni eragiten diete, eta asko isilean geratzen dira, estigmaren eta ulertezintasunaren beldur.
Hori dela eta, buru osasuneko arazoak ikusarazteko eta naturalizatzeko apustua egin dute Behobiak eta Rural Kutxak, isiltasuna hauste aldera.
SENTSIBILIZAZIO EKINTZAK
Osasun mentalaren babes hori ezagutzera emateko, hainbat bideo landu ditugu Rural Kutxa, Behobia-San Sebastian, Why Not? eta Agifes erakundeon artean. Hasteko, Why Not? fundazioak antolatutako saskibaloi txapelketaren testuinguruan, kirola maite duten hainbat lagun elkarrizketatu genituen, baita profesionalak ere. Eta iraila eta urria bitartean eduki gehiago plazaratuko ditugu. Ikusgai dituzue bideoak gure sare sozialetan.