Ibiltzen Benta Berriko erabiltzaileek antzerki jaialdia eskainiko dute ostiral honetan, hilak 21, Donostiako Lugaritz kultur etxean, 19etan. Ikuskizuna eskaini aurretik maisu berezi baten bisita jaso dute, Oscar Terol umoristarena, hain zuzen ere. Aktoreak antzezpena lasaiago egiteko aholku batzuk eman dizkie.

‘Aurrerapauso bat’ izenburudun jaialdia Agifes aurten garatzen ari den sentsibilizazio kanpainarekin bat dator, pentsamendu baikorra eta norbere burua gainditzeko borondatea sustatzen baititu. Ikuskizunak, antzerkia ez ezik, dantzak eta monologoak ere izango ditu, besteak beste.

Aktoreak Benta Berriko erabiltzaileak izango dira, gehienak esperientzia honetan parte hartzera animatu baitira. Entseguak duela hiru hilabete baino gehiago hasi ziren eta, astean zenbait egunez aritu dira buru-belarri antzezpena prestatzen.

Oscar Terolen mintzaldiak lasaitzen lagundu die. Izan ere, horretarako truku batzuk erakutsi zizkien. Gidoia ahazterakoan nola jokatu azaldu zien eta landu beharreko komunikazio gaitasunez ere hitz egin zuen. Gainera, eszena gainean dauden momenturako posizio eta tonu egokia aukeratzen erakutsi zien. Hortaz, antzezteko animoak eta adorea transmititu zien.

Beste behin ere, gure esker ona adierazi nahi diogu Oscarri, eta jaialdiko partaideei ere zorte on opa diegu.