Agifesek errehabilitazio psikosozialerako zentro berria inauguratu zuen atzo Donostian. 350 metro koadro inguruko egitura honek erabilera anitzeko hiru areto ditu eta hogei bat erabiltzaile hartzen ditu egunero. Zentroaren helburu nagusia da, bere arduradun Nerea Amunarrizen hitzetan, “buru osasun arazoak dituzten pertsonei gaixotasunaren ondorioz galdutako gaitasunak berreskuratzeko espazio bat eskaintzea, bizitza normalizatua eramateko aukera izan dezaten”.

Elkarteko lehendakariorde Jose Mari Irazustak baieztatu zuenez, horrelako zentro bat edukitzea “oso berri ona da Agifesentzat”, eta “gure erabiltzaileek hainbeste behar zuten egitura bikain hau errealitatea izan dadin” lagundu duten entitateei eskerrak eman zizkien: Kutxazabali, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari, hain zuzen ere. Irazustak gogorarazi du zentro honetako erabiltzaileak ekainera arte Agifesek Loiolan duen beste zentro batera joaten zirela. Baina “lokal hori oso zaharkitua zegoen, eta ez zituen errehabilitazio lanak aurrera eramateko baldintza egokiak eskaintzen”, jakinarazi du.

Txelo Pérez Gipuzkoako Foru Aldundiko Ezinduen eta Desgaituen Laguntza departamentuko zuzendariak Agifesek egiten duen “lan ikaragarria” txalotu zuen, eta zentro berriarekin “kalitate hobeko zerbitzua eta plaza gehiago” eskaintzen direla aipatu zuen. Izan ere, Loiolan 18 pertsonarentzako lekua zegoen, eta Buenavistan 22 erabiltzaile daude. Diputazioko ordezkariak azpimarratu du, halaber, bere erakundeak buru osasunaren arreta hobetzeko egiten duen esfortzua. Egun, Buenavistakoa bezalako bederatzi zentro daude Gipuzkoan, 203 plazarekin, eta laster beste bat irekiko dute Arrasaten, 20 pertsona gehiagori arreta emateko.

Juan José Goya, Kutxa Fundazioko zuzendariak ere parte hartu zuen ekitaldian, erakunde honek ordaindu baititu obraren gastuak. Goyaren esanetan, “gizarte baten garapen maila ezintasun edo baztertze egoeran dauden pertsonei eskaintzen dien babesaren arabera neurtzen da” eta, zentzu horretan, “Agifesek gizarte gipuzkoarraren ongizate eta garapenari egiten dion ekarpena” goretsi zuen.

Donostiako Udaleko Gizarte Ongizateko zuzendari Tere Barrenetxeak proiektu honetan parte hartu duten entitate guztiak zoriondu zituen, eta Agifes, orain arte bezala, “lanean gogoz jarraitzera” animatu zuen.

BURU GAIXOTASUNA DUTEN PERTSONEN AUTONOMIA ETA JABEKUNTZA
Agifeseko presidenteordeak aipatu du elkarteko profesional taldea “buru gaixotasuna duten pertsonei protagonismo gehiago ematearen alde” lanean diharduela, “euren autonomia eta erabakimena indartzeko”. “Finean, pertsona hauek beren bizitzaren kontrola berreskura dezaten laguntzeko xedea daukagu”.

“Badakigu buru gaixotasuna oso presente dagoela gure gizartean, familia askotan. Gipuzkoako osasun mentaleko zentroek 5.000 kasu berri hartzen dituzte urtero, eta 2011n 80.000 pertsonari eman zitzaion arreta Euskadin, Osakidetzako txosten batean arabera. Baina zifrak alde batera utziz, kontziente gara laguntza eskatzera ausartu ez den pertsona asko dagoela”, ohartarazi zuen Irazustak.

Agifeseko ordezkariaren aburuz, “buru gaixotasunaren gizarte estigma oso zama handia da oraindik pertsona ugarirentzat, eta guztion artean gainditu beharreko gauza da”. Zentzu horretan, elkarte honek mito eta aurreiritziei aurre egiteko egiten duen esfortzua nabarmendu zuen, uste oker horiek “buru gaixotasuna duten pertsonek oreka lortzeko oztopo nagusietakoa baitira”.

ZENTROAREN FUNTZIONAMENDUA
Buru osasun arazoak dituzten pertsonen garapen kognitiboa zein emozionala lantzen da zentroan, eta etxeko lanak egiten ere ikasten dute, sukaldatzea kasu. Halaber, kirola eta norbere garbitasuna ere lantzen dira. Horrez gain, elkarlan hitzarmenak ditu Agifesek hainbat erakunderekin, erabiltzaileek kultur etxeak, liburutegiak edota kiroldegiak bezalako baliabide komunitarioak baliatzeko aukera izan dezaten. “Errehabilitazio psikosozialerako zentroak beharrezkoak dira buru gaixotasuna duten pertsona askorentzat. Etxetik ateratzea, beste pertsona batzuekin eta ingurunearekin harremanetan jartzea, eta eguneroko zereginak egiteko ohitura hartzen dute horrela, eta hori ezinbestekoa da ondoren prestakuntza programa edo lan normalizatuetan barneratu ahal izateko”, baieztatu du Nerea Amunarrizek.

Zentroaren abantaila garrantzitsuenetarikoa da sukalde terapeutikoa, Amunarrizek azaldu bezala, instalazio horri esker, erabiltzaileek “eguneroko bizitzarako errezeta sinpleak, praktikoak eta orekatuak prestatzen ikasten” baitute.