Agifesek Elling filmaren inguruko zineforum saioa zuzenduko du ostiral honetan, urriak 18, Elgoibarko kultur etxean, 19:00etatik aurrera. Osasun mentaleko klinika batean egonaldi luzea egin ondoren gizarteratu beharrari aurre egiten dioten bi gizonen bizipenak kontatzen ditu pelikulak. Saioa Agifeseko sentsibilizazio batzordeak zuzenduko du eta sarrera doakoa izango da.

Petter Naess zuzendari norvegiarraren filmak ‘Gazteriaren Saria’ jaso zuen Donostiako Zinemaldian 2001. urtean, eta ‘Ingelesa ez den hizkuntza batean egindako film onena’ren saria jasotzeko nominatu zuten Oscarretan.

Sinopsia

Elling “mundu errealera” bueltatzeko prest dago bi urtez buru osasuneko ospitale batean egon ondoren. Zentroa utzi eta bizitza normalizatua eramateko proposamena egiten diete protagonistari eta bere gelakide Kjell Bjarne erraldoi on-puskari Norvegiako gizarte zerbitzuek. Oslon etxebizitza bat esleitu diete biei eta euren kabuz bizi beharko dute. Baina, jatetxe batean sartzea Antartida zeharkatzea bezain zaila egiten zaion pertsona batentzat, bizimodu berria oztopoz beterik dago.