Azterlan batean, herritarren defentsa-erakundeak aintzat hartu du administrazio publikoek kolektiboaren “buru osasuna zaindu eta babestearen alde azken urteotan egindako ahalegin handia”. Gainera, hobetu beharreko alderdiak azpimarratu eta proposamen anitz egin ditu.

Arartekoak EAEko haurren, nerabeen, gazteen eta helduen buruko osasunaren arretaren inguruan egindako hurbilketa: erronkak eta aukerak azterlana argitaratu du. Bertan, euskal administrazio publikoek “talde bereziki ahul horien buru osasuna artatu eta babestearen alde azken urteotan egindako ahalegin handia” aitortu du. Aldi berean, pertsona horiek behar duten arreta jaso dezaten hartu beharreko neurriak eta eman beharreko pauso berriak jasotzen ditu txostenak.

“Azken urteotan ikusi dugunez, bultzada azpimarragarria eman zaio honako baliabide hauek sortu, ezarri eta hobe-tzeari: heldu, haur eta gazteen buru osasuna zaintzeko zentroak; ospitaleratze laburreko unitateak; heldu, haur eta gazteentzako eguneko ospitaleak; egonaldi erdiko unitateak; errehabilitazio unitateak eta psikogeriatrikoak. Era berean, ospitalez bestelako egoitza-egiturak sortu eta zabaltzea bultzatu da pixkanaka: adibidez, tutoretzapeko etxebizitzak, ikuskatutako etxebizitzak, mini-egoitzak, etxeak, komunitate terapeutikoak, babespeko pentsioak eta ostatuak”, azpimarratu
du Arartekoak.

Herritarren kexak bideratzeak, buru osasunaren arloko elkarteekin harremanetan egoteak eta administrazioek eskuratutako informazioa aztertzeak ematen dion ezagutzaz baliatuta, Arartekoak bere ekarpena egin nahi izan du “pertsona horien errehabilitazio psikosoziala, ahalduntzea eta benetako gizarteratzea” lor dadin laguntzeko.

Prebentzioa
Arartekoak nabarmendu du “ahalik eta lehentasun gehien” eman behar zaiela “haur eta gazteen zein pertsona helduen buru osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko programei, nahiz bizitzako
fase horietan buruko nahasteak goiz detektatzeko programei”.

Baliabide gehiago
“Talde horiei zuzendutako osasun eta gizarte arloko baliabideak oraindik ere urriak dira, bereziki autonomia pertsonala sustatzeko zerbitzuei, mendekotasun psikiatriko altuko egoitza baliabideei eta tarteko egiturei dagokienez: ospitaleak edo eguneko zentroak, gainbegiratze maila ezberdineko egoitza-baliabideak, zentro okupazionalak, komunitate terapeutikoak, gizarte klubak eta errehabilitazio psikosozialerako baliabideak”, adierazten du azterlanean.

Bereziki, ikuskapen maila ezberdineko etxebizitzen urritasun “kezkagarriari” buruz mintzatu da herritarren defentsa-erakundea, eta titulartasun publikoko etxebizitza parkeak egoera horri eran-tzuna eman behar diola aldarrikatu du.

Horrez gain, kolektibo honi sare publikotik eskainitako arreta psikoterapeutikoa eskasa dela eta, beraz, bertara sartzea eta zerbitzua baliatzea sustatu beharra dagoela adierazten du txostenak.

Jokabide eta nortasun nahasmenduak
Bestalde, “behar bezalako erantzuna aurkitzen ez duten egoera kliniko-asistentzial ezberdinak bideratzeko programa eta bitarteko egokien antolaketa bultzatzea beharrezkoa” dela nabarmentzen du azterlanak, nortasun nahasmenduei eta jokabide nahasmendu larriei erreferentzia eginez. Zentzu horretan, EAEn nortasun nahasmenduak tratatzeko sortu nahi duten unitate espezializatua “eguneko zentroko modalitatean abian jartzea premiazkoa” dela adierazten du, baita Jokabide Nahasmenduak dituzten Nerabeentzako Tratamendu Intentsiboko Programa martxan jartzea ere. Hori ospitale barnean eta kanpoan koordinatuko da.

Zerbitzuen koordinazioa
Gaixotasuna duten pertsonei diziplina anitzeko arreta eta arreta integrala eskaintzeko lanean diharduten sare ezberdinak behar bezala koordinatuta egotea eta arreta horren jarraitutasuna bermatzea ezinbestekoa dela baieztatzen du Arartekoak.

Familien protagonismoa
Entitate honen aburuz, gainera, familiekin elkarlanean aritzea eta senideei babesa eskaintzea funtsezkoa da terapia eta integrazio prozesu orotan. Familiei arreta-baliabideen plangintzan, garapenean eta kudeaketan parte-hartze maila handiagoa eskaintzea komeni dela ere aipatzen du.

Profesionalen prestakuntza
Ezinbestekotzat jotzen da haur eta gazteen eta pertsona helduen buruko osasunean prestakuntza berezitua sustatzea, bai osasun arloko langileen artean bai gizarte, hezkuntza, tutoretza erakundeen, gazteen justiziaren eta gisa horretako esparruetako langileen artean. Era berean, ezinbestekotzat jotzen da ezagutza alor horietan ikerketa bultzatzea.

Posible den heinean ere, haur eta gazteen psikiatria eta psikologia klinikoko zein psikiatria geriatrikoko espezializazioak sortzea egokia dela dio herritarren defentsa-erakundeak. Halaber, diagnosi eta arreta irizpideak bateratzeko gida klinikoak sortzea eta jarraibide egokien trukea sustatzea gomendatzen du.

Zerbitzuetara sarbidea azkartu
Krisiak osasun mentalari eta osasun zein gizarte prestazioei kalte nabarmena egin diela kontuan izanik, “buru osasun zerbitzuetarako sarbidea, eskainitako arreta eta profesionalen prestakuntza hobetzeko ahaleginak bikoiztu” egin behar direla aldarrikatzen du Arartekoak