Besteari entzuteko gaitasuna garatzearen garrantziaz mintzatzen da Bittori Bravo psikiatra ‘Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura’ kanpainako bideo batean. “Oso garrantzitsua da elkar entzuteko ahalmena lantzea; ez badugu besteei entzuteko gaitasunik, zer egiten dugu mundu honetan? Hil egingo ginateke”. Horrela…
“Buru nahasmendua duenari lagundu ahal izateko, geure antsietatea ulertu behar dugu”
Besteari entzuteko gaitasuna garatzearen garrantziaz mintzatzen da Bittori Bravo psikiatra ‘Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura’ kanpainako bideo batean.
“Oso garrantzitsua da elkar entzuteko ahalmena lantzea; ez badugu besteei entzuteko gaitasunik, zer egiten dugu mundu honetan? Hil egingo ginateke”. Horrela dio Bittori Bravo psikiatrak. Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura kanpainako bideo batean, buru nahasmendua duen pertsona bati lagundu ahal izateko oinarrizko aholku batzuk eskaintzen dizkigu.
Buru gaixotasuna duen pertsona baten ondoan egoteak antsietatea sortarazten digula onartzen du, eta egoera hori ulertzen eta horrekin bizitzen ikasi behar dugula dio: “Lana egin behar da, alde batetik, gure larritasuna jasateko eta, gero, bestearena ulertzeko”.
Beste pertsona eta bere pentsamenduak aldatzen ez saiatzeko gomendatzen du adituak. Buru nahasmendua duenak pentsamendua finkatua duenez, “ez du ezertarako balio” arrazoituz hori eraldatzen ahalegintzea. Bravoren hitzetan, hobe da norbera lasaitu eta ondoan egotea. Hori bai, bere buruarentzat arriskutsuak diren ideiak agertuz gero, “zalantzarik gabe, profesional batengana bideratu” behar da pertsona, ahal den moduan. Gaixotasun mentala duen pertsonarentzat “oso garrantzitsua da ingurukoak ondoan dituela eta momentu zailetan laguntzeko prest daudela jakitea”, azpimarratzen du Bravok. Gainera, ohartarazten du ez dela beti egon behar gainean: “gaixo dagoenak bere bidea egiten du, ingurukoek ezin diote eman bidea”.
