Haur eta gazteen psikiatrian aditua den Maite Piñeirok nerabezaroaren berezitasunak aztertuko ditu urriaren 18an, asteartean, Donostian. Izan ere, momentu bereziki zaurgarri horretan buru osasun arazoak sor daitezke, eta egoera horiek zailtasunak eta gatazkak eragin ditzakete, Piñeirok hitzaldian azalduko duen moduan. Saioa 19:00etan, Antigua auzoko Ibiltzen Bentaberri zentroan, izango da.

 

Aldaketa biopsikosozial ugari hartzen dituen eta sentiberatasun handia ezaugarri duen garapen fase horren ezaugarriak azpimarratuko ditu psikiatrak. Piñeiroren arabera, nerabezaroa oso garai eraikitzailea izan daiteke, indibidualki edo familian gozatzeko modukoa. Hori dela eta, “gurasoek beldurrez hartu beharreko momentua dela dioen mitoa baztertu beharko genuke”, psikiatraren iritziz. Hala ere, zailtasun handiko fasea da batzuetan, eta hainbat patologien sorrerarekin erlazionatua egon daiteke; hala nola eskizofreniarekin edo suizidio saiakerekin. 

 

Gainera, familiarteko harremanek eta komunikazioak buru osasun arazoari aurre egiteko garaian duten berebiziko garrantziaz arituko da Piñeiro. Nerabearekin sor daitezkeen arazoei aurre egiteko jarraibideak eman ondoren, psikiatrak hitzaldira bertaratutakoekin hitz egingo du eta euren kasu partikularrak aztertuko ditu.