“Zer egin dezaket nik egunetik egunera hobeto sentitzeko?” galdera planteatzen digu Yolanda Iglesias Agifeseko psikologoak, Imajinatu Buru Osasuna guztion eskura sentsibilizazio kanpainako azken bideoan. Egunero aurrera egiten lagunduko diguten helburu txikiak jartzea gomendatzen digu; izan ere, buru nahasmendurik edo gaixotasunik izan edo ez, “beti da posible aldaketa egitea eta hobeto sentitzea”.

Iglesiasek egunero zeregin bat markatzea aholkatzen du. “Buru osasuna ez da helmuga gisa ikusi behar; pentsatu behar dugu zer egin dezakegun hobeto sentitzen joateko, geure buruarekin eta ingurukoekin gusturago egoteko… laneko eta familia barruko egoerak kudeatu ahal izateko…”, baieztatzen du elkarrizketatuak.

Pertsona bakoitzaren arabera, oso desberdinak izan daitezke eguneroko xede horiek. Ohetik altxatzea izan daiteke helburua, horretarako zailtasunak dituztenentzat; edota kirola egitea zein erlaxatzeko ikastaroren batean izena ematea, antsietatea sentitzen dutenentzat. Autoestimua lantzearen garrantzia ere azpimarratzen du eta laguntza profesionala bilatzea aholkatzen du, beharrezko aldaketa horiek ezin ditugunean geure kabuz egin.