Agifes, Asafes, Avifes eta Asasam elkarteak biltzen dituen Buru Osasuna Euskadi federazioak haurtzaroan, nerabezaroan eta gaztaroan buru osasuna eta buru nahasmenduen prebentzioa sustatzeko beharraz ohartarazi zuen, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunean Bilbon egindako ekitaldi instituzionalean. María Ángeles Arbaizagoitiak, euskal erakundeko presidenteak, jakinarazi zuen euskal elkarteek “gero eta haur eta gazte gehiagori ematen dietela arreta”.

Lau euskal elkarteetako kideak Bilborocken bildu ziren, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko, Arartekoko eta Bilboko Udaleko ordezkariekin batera, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren aldarrikapenekin bat egiteko. Aurten, haurren eta gazteen osasun mentalean jarri dute arreta, eta prebentzioa nahiz biztanleria-talde horri laguntzeko baliabideak indartzeko beharra nabarmendu dituzte.

Arbaizagoitiak iaz Buru Osasuna Euskadik EAEko haur, nerabe eta gazteen osasun mentalaren inguruan aurkeztutako azterlana aipatu zuen, zeinak honako gabezia nagusiak jaso zituen: plaza kopuru nahikoa duten osasun-baliabide intentsiborik eza (etxez etxeko arreta edo eguneko ospitaleak lurralde guztietan), larrialdietako ohe kopuru murritza
eta adingabe, gazte zein haien familiei laguntza psikologiko egokia emateko beharra, besteak beste.

Bestalde, euskal erakundeak kontsumoen eta adikzioen prebentzioaren alde apustu egitearen garrantzia defendatu zuen, jarrera horiek buru nahasmenduak ekar baititzakete eta gizarte-bazterketaren arriskua areagotu. Egoera horrek, Arbaizagoitiaren hitzetan, “bere osasun mentala okertuko luketen hamaika egoera negatibotara eraman lezake gaztea”.

BURU OSASUNA EUSKADIREN 35.URTEURRENA

Euskal federazioaren 35. urteurrena ospatzeko ere balio izan zuen ekitaldiak. Lau euskal elkarteen ahaleginak batzeko eta kolektiboaren eskubideak defendatzeko xedearekin sortu zen, eta Arbaizagoitiak duela 45 urte eratzen hasi ziren elkarteen ibilbidea goraipatu zuen. “Hasiera batean familiartekoek bakarrik osatzen zuten mugimendu hartatik hona bide luzea egin dugu, eta egun buru osasunaren arretarako sare zabal eta aditua dugu”.