Buru Osasuna Euskadik osasun mentalari buruzko eztabaida publikotik “erantzun zehatzetara, baliabide nahikoetara eta denboran iraungo duten konpromisoetara igarotzea” aldarrikatu du gaur, “bereziki osasun mentaleko arazoekin bizi diren gazteei eta haien familiei beharrezko babesa emateko”.

“Euskadin oraindik ere zailtasunak daude arreta egokia jasotzeko, gizarte-baliabideetara iristeko itxaron-zerrendak daude, lurraldeen arteko desberdintasunak daude zerbitzu espezializatu jakin batzuetarako sarbidean, eta zenbait eremutan profesional espezializatuak falta dira, psikiatrak, esaterako”, adierazi du María Ángeles Arbaizagoitiak, Buru Osasuna Euskadiko presidenteak.

Avifes (Bizkaia), Asafes (Araba), Asasam (Aiaraldea) eta Agifes (Gipuzkoa) elkarteak biltzen dituen euskal federazioak Buru Osasunaren Nazioarteko Eguneko ekitaldi instituzionala egin du gaur Bilboko Itsasmuseumen. Estatuko elkarte-mugimenduak aukeratutako “Egin match zure buru osasunarekin” lelopean, nerabezaroa eta gaztaroa izan dira jardunaldiaren ardatz, eta, bereziki, osasun mentaleko arazoak dituzten gazteek aurkitzen dituzten oztopoak salatu dituzte, beharrezko laguntzak eskuratzeko eta beren bizi-proiektuak aurrera eramateko garaian zailtasunak baitituzte.

Federazioak azpimarratu du buruko osasun arazoak dituzten gazteek oztopoak topatzen dituztela krisialdien ondoren ikasketekin jarraitzeko, lan-merkatuan sartzeko edo bizitza independentea garatzeko. Gizarte- eta komunitate-baliabide nahikorik ez izateak, hala nola laguntza-etxebizitzak edo bizitza independenterako programak, eta jasaten dituzten diskriminazio-egoerek zailtasunak eransten dituzte, eta horiek gazteen errekuperazioa eta etorkizuneko aukerak baldintza ditzakete.

Gazteen buru osasuna, zenbakitan

Nerabezaroa eta gaztaroa funtsezko etapak dira garapen pertsonal eta sozialerako, baina buruko osasun arazo askoren lehen sintomak agertu ohi diren garaiak ere badira. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko zazpi pertsonatik batek osasun mentaleko nahasmenduren bat du, eta buruko osasun arazoen % 75 18 urte bete aurretik hasten dira. Gainera, Euskadin, suizidioa da 15 eta 29 urte bitarteko gazteen heriotza-kausa nagusia, eta 2025ean bakarrik 30 urtetik beherako 12 pertsona hil ziren suizidioz. Datu horiek agerian uzten dute garaiz esku hartzeko eta zailtasunak agertzen direnean laguntza eskuragarriak bermatzeko beharra dagoela.

Horregatik, Buru Osasuna Euskadik “osasun mentalaren sustapenerako, prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako politikak indartzea eta arreta goiztiarra, eskuragarria, hurbilekoa eta arina bermatzea” aldarrikatu du, María Ángeles Arbaizagoitiaren hitzetan.

“Ez dugu nahi diagnostiko batek nor garen definitzea”

Ekitaldian Buru Osasuna Euskadiko Lehen Pertsonan Batzordeak ere parte hartu du, eta buruko osasun arazoak lehen pertsonan bizi dituzten pertsonen aldarrikapenak helarazi ditu. “Ez dugu nahi diagnostiko batek nor garen definitzea edo gure aukerak mugatzea. Ikasi, lan egin, emantzipatu, gure komunitateetan parte hartu, geure erabakiak hartu eta gure etorkizuna berdintasunezko baldintzetan eraiki nahi dugu”.

Besteak beste, honakoak eskatu ditu batzordeak: jokabide autolitikoen eta suizidio-arriskuaren prebentzioa, detekzio goiztiarra eta arreta hobetzea; arreta-baliabideetara iristeko itxaron-zerrendak murriztea; gazteen arteko elkar-laguntzako espazioak sortzea; hezkuntzarako, prestakuntzarako, enplegurako eta bizimodu independenterako laguntzak bermatzea; eta osasun mentaleko arazoak dituzten gazteak nahi gabeko bakardadeari eta gizarte-isolamenduari aurre egiteko estrategietan txertatzea.

Familiek ere laguntza behar dute

Buru Osasuna Euskadik familien funtsezko eginkizuna gogorarazi du, askotan haiek izaten baitira osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei prozesu osoan zehar lagundu eta sostengua ematen dietenak. Horregatik, familiek ere baliabide, orientazio eta laguntza egokiak izatea aldarrikatu du.

Arlo horretan, federazioak elkarteen lana nabarmendu du. Izan ere, buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei laguntza eta parte hartzeko espazioak eskaintzen dizkiete, eta baliabide publikoek eta komunitarioek behar bezala asetzen ez dituzten beharrei erantzuten diete.

Erakundeen konpromisoa

Ekitaldian, Amaia Antxustegi Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak gazteen gizarte-baldintzei arreta jartzeko deia egin du, eta “prebentzioaren, detekzio goiztiarraren, arreta eskuragarriaren eta laguntzen” beharra azpimarratu du. “Erakundeok hor egon behar dugu laguntza behar denean. Zerbitzuak eskuragarriak izan behar dute. Familiek eta ingurukoek babesa aurkitu behar dute. Ikastetxeek eta lantokiek ere egoerak hautematen eta laguntza ematen jakin behar dute”, adierazi du. Halaber, erantzukizun partekatuaz mintzatu da, buruko osasun arazoak oztopo bihurtuko ez dituen gizarte bat eraikitzeko, pertsona guztiek ikasteko, lan egiteko edo bizitza independentea garatzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, Ivan Larraza Eusko Jaurlaritzako Ongizateko sailburuordeak nabarmendu du buru osasuna lehentasuna dela euskal gazteentzat, eta osasun mentaleko arazoak dituzten gazteen gizarteratzea eta laneratzea sustatuko duten erantzun integralen alde egin du. Erakundeen eta elkarte-mugimenduaren arteko lankidetzaren garrantzia ere azpimarratu du, eta gogorarazi du “autonomiak norberaren bizitzari buruz erabaki ahal izatea esan nahi duela, horretarako behar diren laguntzak izanda”.

Estefanía Ocáriz Passevant Arartekoaren ondokoak buruko osasun arazoak dituzten adingabeen eta gazteen eskubideak benetan bermatzeko beharra izan du hizpide. Arretari dagokionez gertatzen diren atzerapenak, zerbitzuen arteko koordinazio falta eta familia askok jasaten duten gehiegizko zama aipatu ondoren, erantzukizun publiko eta komunitario handiagoa eskatu du. “Adingabeen eta gazteen buru osasuna ez da diskurtsoekin defendatzen, ekintzekin, baliabideekin eta benetako koordinazioarekin baizik”, adierazi du.

Azkenik, Asier Alustiza Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzako zuzendariak elkarte-mugimenduaren lana aitortu du, baita erakundeen eta elkarteen arteko lankidetzaren garrantzia ere. Gogorarazi duenez, pertsonek ez dute zertan jakin nola banatzen diren administrazioen eskumenak; haiek erantzun integralak eta etengabeko laguntza behar dituzte. Horrez gain, onartu du oraindik badagoela hobetzeko tartea, laguntza pertsonalizatuagoak, arinagoak eta bizitzako etapa bakoitzeko beharretara egokituagoak eskaintzeko.

Buru osasunaren inguruan arduraz informatzeko gida

Ekitaldian, Buru Osasuna Euskadik Buru osasunaz modu inklusibo eta arduratsuan informatzeko gida berria aurkeztu du, kazetaritzako eta komunikazioko profesionalei eta eduki-sortzaileei zuzendua. Argitalpenak gomendio praktikoak eskaintzen ditu zorroztasunez, errespetuz eta eskubideetan oinarritutako ikuspegitik informatzeko, estereotipoak, banalizazioa eta desinformazioa saihestuz. Besteak beste, hizkuntza, irudiak, titularrak, genero-ikuspegia eta testigantzen tratamendua lantzen ditu, eta dekalogo etiko bat ere jasotzen du.

Gidak arreta berezia eskaintzen die gazteei eta hedabide digitalei, eta azken horiek sentsibilizaziorako eta laguntza-espazioak sortzeko eskaintzen dituzten aukerak aztertzen ditu, baita desinformazioarekin, autodiagnostikoarekin eta ondoeza hutsaltzearekin lotutako arriskuak ere. Gainera, buruko osasun arazo larrienak dituzten pertsonei ikusgarritasun handiagoa ematea aldarrikatzen du, haien errealitateak oraindik presentzia txikia baitu hedabideetan. Horrekin batera, pertsona horien esperientziak, gaitasunak eta errekuperazio-prozesuak erakustera animatzen du, krisi-egoeretatik harago. Dokumentua eskuragarri dago webgunean.