Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak lehenago zahartzen dira, zailtasun fisiko eta emozional gehiagorekin bizi dira, eta nahi ez duten bakardadea eta gizarte-bazterketa pairatzeko arrisku handiari aurre egiten diote. ‘Buruko osasun arazoak dituzten pertsonen zahartzea EAEn’ azterlanaren ondorioak aurkeztu ditu Buru Osasuna Euskadik, urriaren 30ean Gasteizen. Euskal federazioak AgifesAsafesAsasam eta Avifes elkarteekin batera bultzatu du ikerlana, EDE Fundazioaren laguntza teknikoarekin.
Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren, Laboral Kutxaren eta Ecoembesen babes ekonomikoa du lanak, eta goizean aurkeztu dute, Gasteizko Europa Jauregian, Nerea Melgosa sailburuak, Mari Ángeles Arbaizagoitia federazioko presidenteak, María José Cano gerenteak eta Irama Vidaurreta EDE Fundazioko ikertzaileak.
“Ikerketak kezkatzeko moduko errealitate bat azaleratu du: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak duela hamarkada batzuk baino urte gehiago bizi dira, baina haien bizi-itxaropena biztanleria orokorrarena baino txikiagoa da oraindik”, adierazi du Mari Ángeles Arbaizagoitia Buru Osasuna Euskadiko presidenteak. “Narriadura fisiko eta kognitibo goiztiar horri bakardade-maila handiak, ziurgabetasun ekonomikoa eta laguntza egokien falta gehitzen zaizkio. Horregatik, premiazkoa da politika publikoek errealitate horri erantzungo dioten neurri egokiak hartzea”, gaineratu du.
Nerea Melgosa sailburuak aditzera eman duenez, azterlan honek “bidea markatzen digu, lehendik sumatzen genuen errealitatearen dimentsioa ikusteko aukera ematen digulako”. Era berean, baieztatu du bere sailak argi dituela betebeharrak: besteak beste, lehen mailako arreta eta zaintzaileentzako laguntza indartzea, baita “zerbitzu asko birformulatzea ere, pertsonei enpatiaz, hurbiltasunez eta entzute aktiboaren bidez laguntzeko”.
Nuria Pascual Arabako Foru Aldundiko Berrikuntza, Kudeaketa eta Ebaluazio Sistemen zuzendariak bat egin du azterlanaren balorazio positiboarekin. Kolektibo honetako pertsonak ondo ezagutzearen beharra azpimarratu du, hartara arreta hobea eskaini ahal izateko. “Ikerketa honek baliabideak modu eraginkorragoan bideratzen lagunduko diguten datuak ematen dizkigu”, gehitu du.

Metodologia eta ikuspegi biopsikosoziala

María José Canok adierazi duen bezala, ikerketak federazioaren konpromiso nagusiari heltzen dio: buru-nahasmendu larria duten pertsonek bizitzaren etapa guztietan gainditu behar dituzten erronkak ikusaraztea eta beren eskubideak eta bizi-kalitatea bermatuko dituen arreta integrala bultzatzea.
Ikerketak metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa konbinatu ditu, Euskadin bizi diren 50 urteko edo gehiagoko osasun mentaleko arazoak dituzten 230 pertsonen parte-hartzearekin. Irama Vidaurreta EDE Fundazioko ikertzaileak azaldu duenez, “zahartze-prozesua ikuspegi biopsikosozial batetik” aztertu dute, ongizatea baldintzatzen duten faktore fisikoak, kognitiboak, emozionalak, sozialak eta materialak kontuan hartuta. Gainera, buru osasunaren arloko profesionalei elkarrizketak egiten dizkiete, adituekin eztabaida-taldeak osatu dira, eta Euskadiko 63 baliabide eta 10 jardunbide egoki identifikatu dira.

Populazio-talde horren egoera

Azterlanak errealitate kezkagarri bat islatzen du: Euskadin buruko osasun arazoak dituzten pertsonak gainerako biztanleak baino lehenago zahartzen dira, eta baldintza eskasagoetan. Profil nagusia 57 urteko batez besteko adina duten gizonak dira (% 60), diagnostiko desberdinak dituztenak, hala nola eskizofrenia (% 49,8), nahasmendu bipolarra (% 11) eta depresioa (% 8,9). Halaber, nahasmenduarekin urte luzez bizi izan dira; bi hamarkada baino gehiago kasu gehienetan. Erdiek desgaitasun larria aitortuta dute, eta % 40k mendekotasun-mailaren bat dute.
Zailtasun horiei goiz agertzen diren muga fisiko eta kognitiboak gehitzen zaizkie: bost pertsonatik batek mugikortasun-arazoak ditu, eta % 25k eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko zailtasunak ditu. Erdiak baino gehiagok memoria-galerak edo kontzentrazio-arazoak ditu, eta % 39k komunikatzeko zailtasunak adierazten ditu. Egoera horrek eragin zuzena du haien autonomian eta ongizatean.
Inpaktu emozionala ere sakona da: % 58 apatiko sentitzen da, eta % 53 adorerik gabe maiz; ia erdiek, berriz, heriotza-pentsamenduak izan dituzte uneren batean. Zifra horiek babesgabetasun emozional eta sozial kezkagarria islatzen dute, eta egoera are gehiago larriagotzen da laguntza faltagatik, ingurune baztertzaileengatik eta isolamenduagatik. Izan ere, lau pertsonatik batek ez du gertuko adiskiderik edo sarerik, eta % 17 bakarrik sentitzen da normalean.
Errealitate horri egoera ekonomiko ahula gehitu behar zaio: inkestatutako pertsonen % 44k 1.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzte hilean, eta heren batek baino gehiagok aitortu dute ezin diotela ustekabeko gastuei aurre egin. Narriadura fisikoaren, bakardadearen eta prekarietatearen konbinazioak arrisku-egoera handia sortzen du, eta erantzun publiko koordinatu eta iraunkorrak eskatzen ditu.

Buru Osasuna Euskadiren aldarrikapenak

Ondorio horietatik abiatuta, Buru Osasuna Euskadik erakundeei planteatzen die onar dezatela osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen zahartzea lehentasunezko errealitatea dela politika sozialen eta sanitarioen barruan. Hala, María José Canok eskatu du bizi-etapa honetako esku-hartzea ez dadila gai ikusezina izan, eta buru osasunaren, zahartze aktiboaren eta nahi ez den bakardadearen aurkako borrokaren estrategia publikoetan txertatu dezatela.
Eskaera nagusien artean, federazioak azpimarratu du baliabide eta zerbitzu soziosanitarioak pertsona horien beharretara egokitu behar direla, kontuan hartuta lotuta datozela hainbat faktore: zahartze goiztiarra eta arazo fisiko, kognitibo eta emozionalak. Horrez gain, prebentzio, laguntza eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak indartzea proposatu du, baita osasun-, gizarte- eta mendekotasun-sistemen arteko koordinazioa hobetzea ere, erantzun integralak eskaintzeko.
Era berean, euskal federazioak aldarrikatu du garrantzitsua dela autonomia bultzatu eta ohiko ingurunean geratzea erraztuko duten laguntza komunitarioen sare bat bermatzea, babestutako etxebizitzak, bizimodu independenterako programak edo ikuspegi hori duten eguneko zentroak bezalako formulen bidez. Gainera, zerbitzuak malgutzea eskatu du pertsonen errealitateari arreta emateko, bai eta profesionalen prestakuntza eta sentsibilizazioa indartzea ere, narriadura-seinale goiztiarrak hautemateko eta arreta gizatiarragoa eta pertsonalizatuagoa eskaintzeko.
Buru Osasuna Euskadik familia zaintzaileei babesa emateko deia ere egin du, horiek ere zahartu egiten direlako eta, askotan, gehiegizko zama hartzen dutelako beren gain. Ildo beretik, osasun mentaleko arazoei lotutako estigmari eta adinkeriari aurre egiteko eskatu du. “Beharrezkoa da buruko osasun arazoak dituzten pertsonei bizitzako etapa guztietan lagunduko dieten politiketan eta programetan inbertitzea, haien beharretara egokitutako baliabideak eskainiz. Espero dugu azterlan honek errealitate hori ikusarazteko eta pertsona guztien bizi-kalitatea eta eskubideak hobetzeko balio izatea”, esan du Mari Ángeles Arbaizagoitiak, eta nabarmendu du beharrezkoa dela “erakundeekin eta elkarte-mugimenduarekin sarean lan egitea, errealitate horiek argitara ekartzeko eta gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa sustatzeko”.

Lehen pertsonan

Jardunaldia hausnarketa-dinamika batekin amaitu da, osasun mentalaren arloko hainbat eragile eta protagonisten parte-hartzearekin, eta bi testigantza entzun ahal izan dituzte bertaratuek.
Asafeseko erabiltzaile Nuriak bere bizi-esperientzia kontatu du, egunerokotasuna baldintzatzen dioten arazo fisikoak kontuan hartuta. Hala ere, 56 urteko gasteiztar honek autonomotzat jotzen du bere burua. Urte askotan zaintzaile rola bete duela jakinarazi du; kasu honetan, amaren ardura hartzea egokitu zaio. Hain zuzen, Irama Vidaurreta ikertzailearen hitzetan, zaintza-lanak emakumeengan erortzen dira gehienetan, eta errealitate horrek “egoera ekonomiko eta sozial ahulagoan jartzen ditu”. Nuriaren arabera, bere erronka nagusietako bat eguneroko bizitzari “zentzua ematea” da, eta adierazi du etorkizunarekiko duen kezka nagusietarikoa dela laguntza-etxebizitza batean egoteko aukera izango ote duen ala ez jakitea.
Carmen ere Asafeseko kidea da eta 70 urte ditu. Berak bi senide ditu buruko osasun arazoekin: semea eta 76 urteko senarra. Bikotekideak, osasun mentaleko diagnostikoa izateaz gain, narriadura fisiko handia duela aitortu du. “Nire adinak kezkatzen nau, ez baitakit etorkizunean gai izango naizen zaintzaile lanetan jarraitzeko”. Senarra duela urte batzuk arte Arabako elkartearen Argibide programa psikohezigarrian parte hartzen zuen, eta horrek denbora librea ematen zion Carmeni bere burua zaintzeko, baina gaur egun, gizonaren adina dela eta, ez du horrelako baliabiderik eskuragarri.