Agifesen lanean ari gara buru osasunaren ezagutza gazteei helarazteko. Ildo horretatik, Verónica Pazos gizarte-langilea Tolosako Inmaculada lanbide ikastolan eta Andoaingo institutuan izan da buruko nahasmenduen inguruko hitzaldiak ematen eta buru osasunaren oinarriak azaltzen. Mendekotasunegoeran dauden pertsonentzako arretateknikari izango dira…
Buru osasunaren inguruko formakuntza ikasgeletan
Agifesen lanean ari gara buru osasunaren ezagutza gazteei helarazteko. Ildo horretatik, Verónica Pazos gizarte-langilea Tolosako Inmaculada lanbide ikastolan eta Andoaingo institutuan izan da buruko nahasmenduen inguruko hitzaldiak ematen eta buru osasunaren oinarriak azaltzen. Mendekotasunegoeran dauden pertsonentzako arretateknikari izango dira ikasle tolosarrak eta gizarteratze-teknikari Andoaingoak, baina erdi mailako heziketa zikloa amaitu aurretik hainbat auzi sozial aztertu eta ezagutu beharko dituzte, horien artean buru osasun arazoak.
Pazosen hitzetan, “ikasleek ez dakite gehiegi kolektiboaren eta buruko gaitzen inguruan” eta orokorrean ez dute ezagutzen Agifes, eritasun mentala duen senideren bat ez badute behintzat. Hala ere, elkartean egiten den lana azaltzen zaienean eta Agifesek dituen baliabideak ezagutzen dituztenean, “euren interesa adierazten dute beti eta boluntario gisa lan egiteko edo kolektiboari gerturatzeko nahia azaleratzen dute”. Errealitatetik urrun dauden “mitoak” ere badaude ikasleen artean, baina ezjakintasunak eta informazio faltak eragindakoak direla dio Pazosek.
Orokorrean, buruko gaixotasuna zer den galdetzen die Agifeseko gizarte-langileak gazteei eta horren inguruko solasaldia izaten dute. Ondoren, buruko nahasmendua duen pertsonak bere errealitatea nola bizi duen ikusten dute eta, azkenik, profesionalek programa konkretuetan nola lan egiten duten aztertzen dute, ikasleen espezialitatearen araberako kasuak aukeratuz.
Bestalde, Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoak Euskal Herriko Unibertsitateko Osasun Psikologia Orokorra masterrean bi eguneko ikastaroa eskaini du martxoan, buruko gaixotasuna duten pertsonen senideei ematen zaien laguntza psikologikorako programaren inguruan.
Psikologo gisa lan egiteko beharrezkoa den masterreko ikasleek orokorrean buruko gaixotasun larriei buruz gehiegi ez dakitela dio Ikerrek. Hogeita hamahiru ikasleen artean, batzuek esperientzia zuten buruko gaitz larriekin lanean eta, gainontzekoekin alderatuz, estigmarekin eta bereizketarekin sentsibilizatuagoak zeuden. Senideen testigantza-bideoen bitartez, elkartean familiartekoei arreta emateko egiten den lan praktikoa azaldu zien Agifeseko psikologoak Estatuko erkidego ezberdinetatik masterra egitera etorri diren psikologoei.
