Agifesek jardunaldi bat egingo du datorren asteartean, abenduaren 12an, Irunen, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonekin bizi diren familia bidasotarren beharrak aztertzeko. Gipuzkoako elkarteko psikologo Iker Arrizabalagak Buru Osasuna Euskadik aurkeztu berri duen Euskadiko familien egoerari buruzko ikerketaren ondorioak aurkeztuko ditu.

Hitzaldiaren ondoren, Agifeseko zuzendaritza batzordeak eskualdeko familien behar espezifikoak identifikatzeko saio bat dinamizatuko du bertaratutakoekin batera. Jardunaldia Palmera Monteron izango da, 18:00etatik aurrera.

Euskadiko familien egoera

Agifes, Asafes, Asasam eta Avifes elkarteak biltzen dituen euskal federazioak azterlan bat aurkeztu zuen azaroaren 3an, Donostian, osasun mentaleko arazoak dituzten senitartekoak zaintzearekin lotutako erantzukizunek zaintzaileen bizi-kalitatean duten eragina aztertzeko.

Hain zuzen ere, ikerketak agerian utzi du hamar senidetik lau tratamendu psikologikoan edo farmakologikoan daudela, eta erdiek, gutxienez, arreta espezializatua behar izan dutela noizbait, zaintzaren erantzukizunak haiengan duen eragin emozionalaren ondorioz.

Gainera, hamar pertsonatik seik diote beren familia-harremanak mindu egin direla egoeraren ondorioz, eta hamar familiatik hirutan hausturak eta banantzeak gertatu dira. Zaintzaile gehienen kasuan, aisialdiak eta gizarte-harremanek nabarmen egiten dute behera, batez ere emakumeen eta buru nahasmendua duen pertsonarekin bizi diren senideen kasuan.

Era berean, zaintzaileen ia erdiek diote estresatuta eta gainez eginda sentitzen direla laguntza hori emateagatik, eta inkestatutako pertsonen % 47,9k osasun-arazo fisikoak izan dituzte senidearekiko duten arduraren ondorioz (energia galtzea, nekea, zorabioak, minak…). Zaintzaileen % 80k 50 urte baino gehiago ditu, eta gehienak emakumeak dira, bereziki amak.