Azaroaren 27an, astelehena, Agifesek antolatutako Zinema eta Buru Osasuna Zineforum Zikloaren azken filma proiektatuko da Donostian, 19:30ean Príncipe zineman. Iaz hogeita hamar bat sari jaso zituen italiar zinemako ‘Locas de alegría’ film arrakastatsuak itxiko du aurtengo zinema zikloa. Komedia honek Donatella eta Beatrice bi protagonisten buru gaixotasuna eta osasun mentaleko instituziotik ihes egiteko saiakera aztertzen ditu umorez. Proiekzioaren ondoren, psikologo batek gidatutako solasaldian parte hartzeko aukera izango du ikusleak, filmaren mezuan sakondu eta zalantzak argitu ahal izateko.  

‘Berdingabea zara‘ sentsibilizazio kanpainaren barne antolatutako egitasmoaren helburua da buruko osasun arazoen inguruko informazioa eta kolektiboarenganako gertutasuna bultzatzea. Azaroaren 6an hasi zen zineforum zikloaren azken saioa izango da hau. Sarrera doan da, baina gonbidapenak aldez aurretik jaso beharko dira zinemako leihatilan bertan.

Gizarte-bazterketa eta depresioa bezalako gaiak jorratzen dituen eta bi Oscar sari eskuratu dituen ‘El indomable Will Hunting‘ drama estatubatuarrak eman zion hasiera ekimenari. Ondoren, nerabeen depresioa izan zen aztergai, azaroaren 13an, ‘Una historia casi divertida’ pelikulari esker. Eta aurreko astean, krisian dagoen gizon baten irudipenak lantzen dituen ‘Buscando a Eric’ pelikularen txanda heldu zen.