Agifesek senideentzako prestakuntza ikastaroak eskaini ditu Zarautzen, Azpeitian eta Elgoibarren. Lehenengo saio horietan 90 familiarteko baino gehiago bildu ziren eta, arrakasta hori ikusita, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ekintza berriak antolatzeko erabakia hartu dugu. Hurrengoa, irailean, Arrasaten egingo da, eta aurrerago…
Buruko gaixotasuna dutenei pertsonei, senideei eta zaintzaileei zuzendutako programa eta ekimenak
Agifesek senideentzako prestakuntza ikastaroak eskaini ditu Zarautzen, Azpeitian eta Elgoibarren. Lehenengo saio horietan 90 familiarteko baino gehiago bildu ziren eta, arrakasta hori ikusita, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ekintza berriak antolatzeko erabakia hartu dugu. Hurrengoa, irailean, Arrasaten egingo da, eta aurrerago beste bat antolatuko dugu Irunen. Iker Arrizabalaga psikologoak, ekimen hauen arduradunak, adierazi duenez, ikastaro hauek burutzearen abantaila nagusietako bat da “Gipuzkoako eskualde bakoitzeko baliabide soziosanitarioekin koordinatzeko aukera ematen digutela eta, horrela, pixkanaka, gure kolektiboarentzako babes-sarea sendotzen joan gaitezkeela lurralde osoan”.
Buruko gaixotasunei buruzko jakintza zabaltzeaz gain, senideei eta zaintzaileei buruko gaixotasuna duten pertsonekin duten harremana hobetzeko erabil ditzaketen baliabideei buruz informatzea da ikastaro hauen helburua.
Laguntza-taldeak
Halaber, Agifesen Familia Esku-hartzeko programaren baitan, abian da buruko gaixotasunak dituzten pertsonen anai-arrebei zuzendutako laguntza-taldea. Uste dugu anai-arrebek, gainerako senideen antzera, oso paper garrantzitsua dutela familian. Hala ere, buruko gaixotasuna duen pertsonarekin harremanean, ikuspuntu eta emozio ezberdinak garatzen dituzte gurasoekin alderatuz gero.
Hori guztia dela eta, gune bat sortu dugu Agifesen pertsona horiek euren bizipenak partekatzeko, estrategiak ikasteko, familiako bizikidetza hobetzeko eta babes emozionala jasotzeko aukera izan dezaten. Parte-hartzaileak Agifesen egoitzan, Morlans pasealekuko 3. zenbakian, biltzen dira 15 egunean behin. Interesatuta dagoen oro talde honetan parte har dezake edota informazio gehiago lor dezake Agifesera deituz (943474337) edota e-maila bidaliz (i.arrizabalaga@agifes.org).
Agifesen helburua da gure zerbitzuak ahalik eta Gipuzkoako familia gehienei hurbiltzea, eta hori aurrera eraman ahal izateko, irailetik aurrera laguntza-taldeak jarri nahi ditugu martxan Azpeitian, Zarautzen eta Eibarren.
Bestalde, nahasmendu bipolarra duten pertsonen taldean parte hartzeko eskaeraren gorakada ikusita, irailean bigarren taldea sortuko da. Izen-ematea egoitzan egin daiteke.
Banakako laguntza eta harrera zerbitzua
Agifeseko bazkideek eskura dute, halaber, banakako laguntza psikologikoko programa. 2012an ehun laguntza ekintza inguru egin ditugu. Gainera, harrera puntu berriak ezarri ditugu Azpeitian eta Eibarren.
