Erresuma Batuko Psikiatren Eskolak landutako txosten batek islatzen du osasun sistemaren barruan oso desberdin tratatzen dituztela nahasmendu psikikoak eta gaixotasun fisikoak. Adituek jakinarazi dute osasunaren arlo biek lehentasun oso desberdinak dituztela, baita finantzazio iturriak ere. ‘Whole-Person Care: From Rhetoric to…
Buruko gaixotasunek gorputzekoek bezainbesteko lehentasuna izan dezaten eskatu dute
Erresuma Batuko Psikiatren Eskolak landutako txosten batek islatzen du osasun sistemaren barruan oso desberdin tratatzen dituztela nahasmendu psikikoak eta gaixotasun fisikoak. Adituek jakinarazi dute osasunaren arlo biek lehentasun oso desberdinak dituztela, baita finantzazio iturriak ere.
‘Whole-Person Care: From Rhetoric to Reality‘ (Pertsonari arreta osoa: erretorikatik errealitatera) izenburudun azterlanean baieztatu dutenez, buru gaixotasunari lotutako heriotz dezente ekidin ahal izango lirateke pazienteei arreta osoa eskainiko balitzaie. Zentzu horretan, osasun arloko profesionalek nahasmen psikikoak dituzten pertsonen beharrekin bat datorren zerbitzua eskaini dezaten aldarrikatu dute; sintoma psikikoak zein fisikoak behatu ditzatela diagnostiko askoz ere osatuagoa egiteko.
Herrialde horretako agintari politikoei zuzendutako aholku batzuk ere eskaini dituzte. Buru gaixotasuna duten pertsonei larrialdi zerbitzuetan arreta emateko irizpide objetktiboak jarrai daitezen eskatu dute, tratamendua lortzeko aukera eta itxaron denborak gaixotasun fisikoen kasuekin parekatu daitezen.
Buru Osasunaren arlora bideratzen diren baliabideak ere hobetu behar direla azpimarratu dute. Administrazioek finantzazio ekonomiko eznahikoa ematen dutela salatu dute, eta profesional kopurua ere eskasa dela jakinarazi dute.
Era berean, pazienteek sufritzen duten estigmaren aurka borroka egitea beharrezkoa dela uste dute, eta hori eragiten duten profesionalen kontra neurriak hartzeko jarduera politikak ezarri daitezen aldarrikatu dute.
