Eneko eta Josemi, Agifes elkarteko kideak, Karabeleko etxaldean lanean jardun dute bi hilabetez, Sartu federazioak bultzatutako ikastaro teorikoa egin eta praktikak etxaldean bertan burutu ondoren. Buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea bultzatzeko programa horretan hasi aurretik ere Karabelekoko erabiltzaile ziren, eta prestakuntza berriari esker praktika aurreratuagoak ikasi dituztela adierazi dute.

 

Lanerako trebetasunak ez ezik, gizartean moldatzeko gaitasunak ere indartu dituzte, egoera anitzei aurre egiten eta curriculuma prestatzen ikasi baitute. “Niretzat oso erabilgarria izan da lan-elkarrizketari nola aurre egin ikastea. Trebetasun sozialak garatzeko dinamikek ere lagundu naute, pertsona itxia naizelako… Beno, nintzelako; hemen esaten didatenez, urte eta erdian asko aldatu naiz”, aitortu du Josemik. Naturarekin harremanetan egoteak mesede handia egiten diela diote biek, eta Karabelekon bizi duten esperientziarekin, bai langile eta bai erabiltzaile gisa, oso pozik daudela azpimarratu dute.

 

Enekok eta Josemik nekazaritza eta abeltzaintza sektorean lan egitera bideratutako formakuntza teoriko-praktikoa izan dute beste bi kiderekin batera. Gure etxaldean estreinakoz gauzatutako esperientzia honi esker, enpleagarritasuna hobetzeko trebakuntza jaso dute partehartzaileek, gaitasun pertsonal eta soziolaboralak landuz.

 

Ez da lehen aldia, hala eta guztiz ere, Karabelekok erabiltzaileak kontratatzen dituela. Izan ere, etxaldearen helburu nagusietarikoa da euren prozesu terapeutikoa bertan gauzatzen ari diren pertsonei lan-aukerak eskaintzea, bai erabiltzaileen beraien eta bai Karabelekoren behar eta posibilitateen arabera. Hori dela eta, aurten bezala, iaz ere beste bi pertsonak lortu zuten aldi baterako kontratua uda aldera, lan gehien dagoen sasoian, hain zuzen.