Milaka eta milaka gipuzkoarrek sufritzen duten depresioa ikusaraztea eta estigmari aurre egitea da Agifesen, buruko osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartearen, helburua. Eta xede horrekin aurkeztu dituzte gaur, Donostiako Udalean, bihar eta etzi burutuko diren ‘Depresioa eta estigma’ izenburudun jardunaldiak. Elkarteko gerente Ruth Encinasek adierazi du buru osasunaz hitz egiteko baldintza egokiak sortzearen beharrez kontzientziatu behar dela gizartea, buru nahasmendua duten pertsonen errekuperazioa eta ahalduntzea sustatze aldera 

Jardunaldi hauek, hain zuzen, Agifesek eta elkarteko bazkide batek egindako gogoetatik sortu dira, eta gizarteak gai honen inguruan duen ikuspegia zabaltzeko helburua dute. Orokorrean, elkartearen zerbitzua eritasun larriagoekin lotua egon da momentura arte: eskizofrenia, nahasmendu bipolarra, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa edota pertsonalitatearen nahasmenduak, besteak beste. Azken urteotan erregistratu diren depresio kasuen igoera handia dela eta (2005 eta 2015 artean %20 hazi da patologia honen diagnostikoa), arazo larri honen ondorioak jasaten dituzten gipuzkoarren beharrei erantzuteko erabakia hartu du Agifesek. Horrela, hainbat sentsibilizazio ekintza jarri dituzte abian eta datorren urtean sakonago helduko diote gaiari, depresioaren prebentzioa, hautematea eta tratamendua landuko dituen kanpaina batekin. Jardunaldien inaugurazioan eskainitako datuen artean, azpimarratzekoa da Espainiako biztanleen %5k duela depresioaren diagnostikoa, eta Euskadin bi egunetik behin pertsona batek egiten duela bere buruaz beste, gehienetan depresioa dela medio. 

Prentsaurrekoan egon da, gainera, Donostiako Udaleko Gizarte Ekintzako Zinegotzi Delegatu Aitziber San Román, eta hiritarrek depresioaren erronkari aurre egin behar diotela defendatu du. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendekotasunaren Arretako zuzendari nagusi Txaro Rodrigok gaixotasun hori duten pertsonen ondoan egotearen garrantzia azpimarratu du, normaltasuna lortze aldera. Helburu hori lortzeko, estigmari aurre egitea gomendatu du; “buruko osasun arazoekiko ezjakintasunaren ondorioz” sortutako estigmari, alegia. 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendari Emilio Solak, osasun mental eta droga-menpekotasun arloetako mediku izandakoak, baieztatu du estigmak depresioa duen pertsonei kalte handia eragiten diela, “kulpa sentiarazten dielako, baztertuak izatearen beldurragatik arazoa ezkutatzera eramaten dituelako, errekuperazioa oztopatzen duelako, eta bakardadea eta isolamendua eragiten dituelako.

Azkenik, urriaren 27ra arte Gipuzkoako argazkilari elkartean ikusgai egongo den ‘Ispiluaren beste aldean. Depresioa aurrez aurre’ erakusketaren egile Pedromari Modregok hartu du hitza. Bere esanetan, depresioa duen pertsonaren ondoan jartzea da gakoa, “konpainia eta maitasuna eskaintzeko”. Halaber, nahasmendua duen pertsonarengana gerturatu eta harekin hitz egin ahal izateko jarraibideak ikastea ere aholkatu du. Bukatzeko, depresioa gaitza dela —eta ez jarrera “edo goibeltasun bolada bat”— onartzea garrantzitsua dela gaineratu du. 

Jardunaldiak bihar eta etzi 

Bihar eta etzi lehen mailako hizlarien parte hartzea izango duten ‘Depresioa eta Estigma‘ izenburudun jardunaldiak burutuko dira Donostian, 18:00etatik 20:30era. Inaugurazioan Donostiako alkate Eneko Goiak, Agifeseko gerente Ruth Encinasek eta erakusketaren egile Pedromari Modregok hartuko dute hitza. Ondoren, Donostia Ospitaleko Psikiatria saileko buru Imanol Querejetak ‘Estigma, depresioa eta errekuperazioa’ hitzaldia emango du, eta Quiron Ospitaleko Minaren Unitateko zuzendari eta anestesiologo Miguel Marinek patologia hori duten pertsonen mina eta sufrimendua izango ditu hizpide.

Estatuko Suiziodologia Elkarteko presidente eta psikologo Andoni Anseanek emango du asteazkeneko lehen hitzaldia, depresioak eragindako heriotzaren estigmaren inguruan. Eta jardunaldiei amaiera emateko, Agifeseko kideek eta Amaya Villalongak gizarte eta familiarteko estigmari buruz hitz egingo dute lehen pertsonan. Jardunaldietan parte hartzea doakoa izango da, eta izen-ematea email bitartez egingo da, inscripciones@agifes.org helbidera datu pertsonalak bidalita.

Egitaraua

URRIAK 19 – 27, Gipuzkoako argazkilari elkartea:

‘Ispiluaren beste aldean. Depresioa aurrez aurre’ argazkilaritza erakusketa

URRIAK 23, Donostiako udaletxea, 18:00etatik 20:30era:

18.00 – 18.15 Aurkezpena

  • Eneko Goia: jardunaldien aurkezpena eta irekiera 
  • Ruth Encinas: Buru osasuna, depresioa eta AGIFES 
  • Pedro Modrego: proiektuaren eta hizlarien aurkezpena 

18.20 – 18.55 Lehenengo hitzaldia

  • Imanol Querejeta: Estigma, depresioa eta osatzea

18:55 – 19.10 Eztabaida eta galderak

19.25 – 20.00 Bigarren hitzaldia

  • Miguel Marín: Estigma eta depresioa Vs Mina eta sufrimendua 

20.00 – 20.15 Eztabaida eta galderak 

20.15 – 20.20 Itxiera 

URRIAK 24, Donostiako udaletxea, 18:00etatik 20:30era:

18.00 – 18.10 Sarrera 

18.10 – 18.45 Lehenengo hitzaldia 

  • Andoni Ansean: Depresioak eragindako heriotzaren estigma 

18.45 – 19.00 Eztabaida eta galderak

19.15 – 19.50 Bigarren hitzaldia 

  • Agifes eta Amaya Villalonga: Depresioa duten pertsonek gizartean eta familian bizi duten estigma

19.55 – 20.25 Eztabaida, mahai-ingurua eta jardunaldietan parte hartu duten adituen ondorioak 

20.25 – 20.30 Itxiera