500 korrikalari baino gehiago, 100dik gora haur, dozenaka boluntario, ehunka ikusle eta kolaboratzaile ugari izan genituen 5 MILIA Buru Osasunaren Alde lasterketa solidarioan. Urriaren 2an Donostian burutako festan elkartasun giroa izan zen nagusi, eta egiaztatu ahal izan genuen gure korrikaldiak txoko berezia hartu duela Gipuzkoako kirol agendan.

 

Urtero-urtero errepikatzen duen korrikalari asko dago, eta haur lasterketan parte hartu nahi duten umeen kopurua gora doa. Izan ere, aurreikuspenak gainditu ditugu aurten eta itxarote-zerrenda izan genuen txikien proban. Dortsal solidarioa eskuratzen dutenak ere gero eta gehiago dira. Aurten 67 pertsonak hartu dute berea, iaz baino 31 gehiagok.

 

Aurtengo nobedadeen artean, nabarmentzekoak dira zumba saioa eta haurrentzako jolasak. Lasterketako helmugaren inguruan, Ignacio María Barriola eraikinaren arkupean, inoiz baino giro ederragoa izan genuen. Familia ugari bertaratu ziren ekitaldiez gozatzera, eta txiki nahiz heldu ugari aritu ziren Amara Wellness zentroko kideekin dantzan.

 

Adin guztietako pertsonak biltzen dituen ekimen hau oso berezia da guretzat, Agifesen mezua argi eta ozen hedatzen laguntzen baitigu. Gure helburua da buru gaixotasuna duten pertsonen inguruan dauden mito eta aurreiritziak gainditzea eta kolektiboa gizarteratzen laguntzea. Horrez gain, lasterketarekin lortutako diru-etekinei esker, gure erabiltzaileen aisialdirako ekintza gehiago antolatu ahal izango ditugu.

 

Lerro hauek aprobetxatu nahi ditugu egun horretan gurekin bat egin zuten pertsona guztiei eskerrak emateko. Bereziki, boluntarioei eta enpresa eta erakunde kolaboratzaileei: Bartolo taberna jatetxea, Donostiako Udala, Donostia Kirola, Gipuzkoako Foru Aldundia, UPV/EHU, BM supermerkatuak, El Diario Vasco, Amara Wellness, La Perla, Apalategi kirolak, Fortuna kirol elkartea, Insalus, DYA, Tama documentación eta Coca Cola.

Eibarko zentro berria

Urriaren 10ean, berriz, Buru Osasunaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Eibarko errehabilitazio psikosozialerako zentro berria erakusteko ekitaldia egin genuen. Ate irekien jardunaldiak harrera bikaina izan zuen, zentro ugaritako kide eta herritar interesatu asko hurbildu baitziren instalazio berriak eta bertan egiten den lana ezagutzera. Bisita gidatuaz arduratu ziren Marisa Román psikologoa eta zentroko bi erabiltzaile.

 

Egun berean, bazkari eder batez gozatu zuten Agifeseko erabiltzaile eta langileek Urnietako Oianume jatetxean. Arratsaldean, berriz, buru osasunaren inguruko film laburrak ikusi eta aztertu genituen Donostiako Aquariumean, Maider Gorostidi psikologoaren eskutik.

“Zu bezalakoa naiz, oraindik ez badakizu ere”

“Zu bezalakoa naiz oraindik ez badakizu ere” lelopean, espainiar Estatuko 300 elkartek bat egin zuten urriaren 10ean Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko.

 

Aurtengo mezuarekin ohartarazi nahi izan dugu buruko osasun arazoek guztioi eragiten digutela eta, diagnostikoak alde batera utzita, pertsona guztion arteko antzekotasunak ezberdintasunak baino gehiago direla.

 

Fedeafesek, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Euskadiko federazioak, Gasteizen egindako prentsaurrekoan baliabide gehiago eskatu zizkien erakundeei, nahasmendu psikikoa duten pertsonak “gizartean era duinean bizi eta garatu daitezen”.