Jardueraz jositako urria izango dugu aurten! 5 MILIA Buru Osasunaren Alde lasterketa solidarioak hasiera eman dio Agifesek urriaren 10ean Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen programari. “Zu bezalakoa naiz oraindik ez badakizu ere” lelopean, estatuko 300 elkarte ospakizunera…
Ekitaldiz beteriko hilabetea Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko
Jardueraz jositako urria izango dugu aurten! 5 MILIA Buru Osasunaren Alde lasterketa solidarioak hasiera eman dio Agifesek urriaren 10ean Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu duen programari. “Zu bezalakoa naiz oraindik ez badakizu ere” lelopean, estatuko 300 elkarte ospakizunera batuko dira ekimen ugari burutuz.
Urriaren 10a da Osasun Mentalaren Nazioarteko Federazioak urtero aukeratzen duen eguna kolektiboaren beharretara arreta bideratzeko. Aurtengo helburua da buruko osasun arazoek guztioi eragiten digutela ohartaraztea eta gure antzekotasunak ezberdintasunak baino gehiago direla jakitera ematea.
Aldarrikapen eta festa egun berezi honetan parte hartuko du Agifesek, Eibarren eta Donostian burutuko dituen hainbat ekitaldiren bitartez. Goizean Eibarko errehabilitazio psikosozialerako zentroan bisita gidatua egingo da, eta bertan ‘Zu bezalakoa naiz’ manifestua irakurriko da, erabiltzaileek zentroaren egunerokotasuna azalduko dute, eta lunch batek amaiera emango dio jardunaldiari. Arratsaldean Donostiako Aquariumera mugituko gara buru osasunari buruzko film laburrak ikusteko eta Agifeseko psikologo batekin haiei buruz gogoeta egiteko.
Ospakizunaren aurreko egunetan, eta ondorengoetan ere, hainbat ekimen eta hitzaldi izango ditugu. Urriak 4, 5 eta 6 egunetan elkartearen erabiltzaile eta profesionalek ‘Buru Osasuna eta Kirola Guztiontzat’ lehen kirol jardunaldietan hartuko dute parte, Benta Berri kiroldegian, San Juan de Dios ospitalearen eskutik. Hilaren 18an eta 25ean hitzaldiak eskainiko ditugu: lehenengoan, buruko osasun arazoak dituzten nerabeekin sor daitezkeen gatazkak gainditzeko jarraibideak emango ditu Maite Piñeiro psikiatrak, eta, bigarren saioan, buru gaixotasuna duten emakumeen ahalduntzeaz arituko da Marisa Román psikologoa.
Bestalde, buru gaixotasuna duten pertsonen eta senideen euskal elkarte guztiak batzen dituen Fedeafes federazioak ekitaldi instituzionala ospatuko du irailaren 10ean Gasteizeko El Pilar zentro zibikoan. Bertan, erakusketa baten irekierak hasiera emango dio Asafes elkartearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldiei. Era berean, urriaren 22an euskal elkarteak Gasteizen bilduko dira festa kolektibo batez gozatzeko.
