Donostiak Emakumezkoen Eskubaloiaren Erreginaren Kopako azken fasea hartu zuen maiatzaren 8tik 10era bitartean. Aurtengo euro solidarioa (saldutako abonu bakoitzeko euro bat) Agifesentzat izan da, eta lortutako 4.872 euroek eragin zuzena izango dute gure elkarteak Gipuzkoan egiten duen lanean: buruko osasun arazoak dituzten pertsonei eta haien familiei errekuperazio prozesuetan laguntzea, eta buru osasunaren inguruko gizarte-sentsibilizazioan aurrera egitea. Asteburuaren oso balorazio positiboa egiten dugu giro bikainagatik, gure postura gerturatu diren pertsona guztiengatik eta Bera Berako nesken garaipenagatik. Zorionak, txapeldunak!!!!

Ekitaldiak kirol arloa gainditu nahi zuen, herritar guztien-tzako esperientzia partekatu bihurtzeko. Ildo horretatik, programazioak publiko ezberdinei zuzendutako jarduerak bildu zituen, emakumeen lidergoa, gizarte-inklusioa eta komunitate-kohesioa bezalako balioak sustatzeko.

Kirola, inklusioa eta sentsibilizazioa

Lehiaketaz gain, Kopak hainbat ekimen izan zituen: teknifikazio saioak, kaleko eskubaloi jarduerak, “Kapitainak” programaren baitan emakumeen lidergoari buruzko topaketak, eta Illunbeko Fan Zone-a. Bertan, Agifesek stand bat jartzeko aukera izan zuen, sentsibilizazio lana egiteko eta merchandising produktuak saltzeko.

Halaber, irisgarritasunaren arloan neurri aitzindariak txertatu ziren, hala nola partida guztien audiodeskribapena, eta ikusmen desgaitasunaren inguruko sentsibilizazio ekintzak.

Lankidetzaren barne, Iker Arrizabalaga psikologoak eskubaloiko entrenatzaileei zuzenduriko hitzaldia ere eman zuen apirilean.

Agifes euro solidarioaren onuradun gisa aukeratzeak indartu egiten du Emakumezkoen Erreginaren Koparen konpromiso soziala eta Gipuzkoarekiko duen lotura, hain zuzen ere. Mila esker Donostiako Bera Bera kirol klubari gure elkarteari eskainitako babesagatik eta buru osasunaren alde sentsibilizatzen laguntzeagatik!