“Garbi dago gizartearentzat onuragarria dela pertsonak zaintzea, eta ez soilik arreta produktibitatean jartzea” Amaia Odriozola, Karabelekoko koordinatzailea Uholdeek hankaz gora jarri zuten Karabeleko. Zer ondorio ekarri dituzte? Kalte handiak izan ditugu dendan eta mintegian: altzariak, ureztaketa-mahaiak, izozkailuak, ordenagailuak, TPVa… gauza asko izorratu eta baratzean ere galerak izan ditugu. Okerrena, baina, ondorio psikologikoak izan dira. Koronabirusa agertu…
«Enplegu Zentro Bereziaren jarduera egonkortu eta zabaldu nahi dugu»
“Garbi dago gizartearentzat onuragarria dela pertsonak zaintzea, eta ez soilik arreta produktibitatean jartzea”
Amaia Odriozola, Karabelekoko koordinatzailea
Uholdeek hankaz gora jarri zuten Karabeleko. Zer ondorio ekarri dituzte?
Kalte handiak izan ditugu dendan eta mintegian: altzariak, ureztaketa-mahaiak, izozkailuak, ordenagailuak, TPVa… gauza asko izorratu eta baratzean ere galerak izan ditugu. Okerrena, baina, ondorio psikologikoak izan dira. Koronabirusa agertu zenetik garai zailak izan ditugu, eta orain ginen burua altxatzen hasiak.
Nola zaudete orain?
Normaltasunera bueltatzen ari gara, eta aseguru-etxeen ordainketen zain gaude egoerari buelta eman ahal izateko. Bestalde, kolpe emozionalari aurre egiteko denbora gehixeago beharko dugu; konturatu gara ziurgabetasun sentsazioa jarri zaigula barruan.
Enplegu Zentro Berezi gisa, zein erronka dituzue?
Jarduera egonkortu eta zabaltzea izango da hurrengo hilabeteetako helburu nagusietarikoa. Hain zuzen, buru osasun arazoa duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea indartzeko proiektu bat dugu esku artean. Nabarmentzekoa da iaztik bikoiztu egin dugula Karabelekoren azalera, baita lantaldea nabarmen handitu eta dibertsifikatu ere.
Zertan datza lanaren antolakuntza berri hori?
Orain zereginen zerrendak zehazten eta sistematizatzen ari gara, eta oso garrantzitsua da langileen segimendu sakona egitea, eurei entzun eta beren behar eta zailtasunei erantzuna emateko.
Nola uztartzen duzue banakako beharrei arreta ematea ekoizpenak eskatzen duen erritmoarekin?
Hori da zailena. Pertsonen ongizatea eta duintasuna bermatzea da gure apustua, eta hori ez da zuzenki “errentagarria” sistema ekonomiko honentzat, baina garbi dago gizartearentzat onuragarria dela pertsonak zaintzea, eta ez soilik arreta produktibitatean jartzea. Guztiontzat lekua duen gizartea nahi dugu.
Zein beste erronka dituzue?
Biziraupenean pasa ditugun bi urte hauen ondoren, barietate berezien ekoizpenari heldu nahi diogu berriro, batik bat hostokumeei. Kontsumo taldea eta APP bidezko salmenta ere handitu nahi ditugu. Proiektu asko dugu buruan eta pixkanaka joan beharko dugu.
«Oso harreman ona dugu lankideen artean»
Eneko Arakama, langilea
Uholdeek sortutako hondamendiak gogor eragin dio Karabelekoko lantaldeari. “Denda suntsitzeaz gain, jenero asko galdu eta salbatutakoa izugarri garbitu behar izan dugu, lokaztuta baitzegoen. Esperientzia oso gogorra izan da, eta oraindik ere ez gara normaltasunera itzuli; denbora behar da ekoizpena berreskuratzeko”, adierazi du Eneko Arakamak.
Badira 5-6 urte etxaldeko lantaldean sartu zela, eta eskaeren nahiz otarren banaketaz arduratzen da. Horrelako jarduera batean esku hartzea buru osasunarentzat mesedegarria dela dio, eta independentzia mantentzen laguntzen diola. Bere eguneroko lanean gehien gozatzen duenaz galdetuta, lan giroa azpimarratzen du: “oso harreman ona dugu lankideen artean”.
