Gaixotasun mentalaren Gipuzkoako errealitate soziosanitarioa izan zen azaroaren 25ean Kutxak Arrasate kalean duen aretoan jorratutako gaia. Antolaketa Hurkoa Fundazioaren esku joan zen, Karitasek babes behar handiena duten ezgaituentzat duen tutela eta atentzio instrumentua.

Jardunaldiaren helburu nagusia izan zen bai instituzioak, bai profesionalak eta baita gizartea ere buru-eritasunen bat pairatzen duten pertsonen eta hauen familiartekoen egoeraz kontzientziatzea. Bide batez, denen arteko elkarlana eta koordinazioa bultzatu nahi izan zen errekurtso berriak eta alternatibak bilatzeko.

Horretarako, gaixotasun mentala duen pertsonak bizi duen egoera azaldu zuen, goizeko lehenengo hizketaldian, Imanol Querejeta doktoreak, Hospital Donostiako Psikiatria Unitateko arduradunak.

Atsedenaldi baten ostean, goizeko bigarren saioan mahai ingurua antolatu zen gaixotasun mentalaren errealitate medikua, soziala, juridikoa eta familiarra lantzeko. Iñaki Madariagak hartu zuen hitza, Aita Menni Ospitaleko zuzendari mediku psikiatrikoa eta Psikiatria Legaleko Espainiar Sozietatearen lehendakaria. Aita Menni Ospitalean dituzten zerbitzuak azaldu zituen, eta Gipuzkoan momentu hauetan buru-eritasuna tratatzeko dauden atentzio sistema eta errekurtsoei buruzko bere ikuspegia plazaratu zuen.

Bere ikuspuntua azaltzen bigarrena Lourdes Blanco izan zen, Sargi plataformako kidea eta Agifeseko zuzendari teknikoa. Honek problematikaren ikuspegi soziala azaldu zuen, kalean bizi diren pertsonen eta kartzelaratuen kasuak landuz bereziki. Era berean, Donostiako 1º Instantziako 6. zenbakiko Epaitegiko epaileak, Aurora Elosegik gaixotasunaren alderdi juridikoa azaltzeari ekin zion. Tratamendua behar duen pertsona baten bere buruaz arduratu ezin duenean legalki dauden errekurtsoak eta prozedimenduak azaldu zituen, bai eta kasu hauetan legeak eta familiak dituzten eskumenak ere. Mahai ingurua amaitzeko, Rosalia Sánchez gure elkarteko kideak gaixoen familien esperientzia azaldu zuen bere testigantzaren bitartez.

Atentzio plan integralei buruzko beste mahai inguru batek eman zion hasiera arratsaldeko saioari. Bertan, iritzi eta ikuspuntu oso interesgarriak plazaratu zituzten Jose Antonio de la Ricak, Osakidetzako Asistentzia Psikiatriko eta Osasuneko arduraduna; Juan Ramón Larrañagak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika saileko zuzendari orokorra eta Raul Gomezek, Manantial Fundazioko (Madril) Atentzio Sozialeko Errekurtsoen departamentuko zuzendari ordeak.

17:15etan amaitu zen jardunaldia eta emaitzarekin oso gustura azaldu ziren bai parte hartzaileak bai eta antolatzaileak ere.