Errehabilitazio psikosozialerako Eibarko zentroaren inaugurazio ekitaldia egin du Agifesek gaur, abenduaren 15, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eibarko Udaleko ordezkarien parte hartzearekin.

Mendekotasunaren eta Desgaitasunaren Arretako zerbitzuburu Ander Zapiainek Agifesen “proiektu eredugarria” nabarmendu du, baita euskal elkartearen eta Gipuzkoako Aldundiaren elkar-lan erraza ere. Bestalde, Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuen zinegotzi Idoya Sarasquetak “buru gaixotasuna duten pertsonek tutoretzapeko etxebizitza batean bizitzeko nahiz Eibarkoa bezalako zentro batean denbora pasatzeko aukera dutela ikustearekin oso pozik” dagoela adierazi du. Agifeseko presidenteorde Jose Mari Irazustak “zentro moderno, moldakor eta irisgarria inauguratzeak elkartea harro sentiarazten duela” adierazi du. Azkenik,   Agifeseko erabiltzaile Ángel Rebolledak eta Iñaki Oñatik Eibarko zentroan daudenetik euren bizitzak nola egin duen hobera azaldu dute. 

Aurkezpenaren ondoren, zentroko profesional taldeak bisita gidatua zuzendu du. Maiatzetik martxan dagoen egoitzak 30 erabiltzaileentzako lekua du eta, Eibarren zegoen zentro zaharrak baino 100 metro koadro gehiago edukitzeaz gain, handiagoa, modernoagoa eta irisgarriagoa ere bada. Instalazio berrietan erabiltzaileen errekuperazioari eta euren oinarrizko gaitasunen garapenari zuzendutako jarduerak burutzen dira. Buru gaixotasuna duten pertsonen senideek ere topalekua dute bertan, buru gaixotasunei buruz ikasi eta familiaren elkarbizitza hobetzeko estrategiak eskuratzeko laguntza-taldean elkartzen baitira. 

30 urte baino gehiagoko ibilbidea osatu du dagoeneko Agifesek. Mila bazkide inguru ditu eta, urtetik urtera, zerbitzu eta baliabide gehiago eskaintzen ditu. Agifesek buruko osasun arazoa duten pertsonei, senideei eta zaintzaileei doako informazio eta orientazioa ematen die. Erabiltzaileei eta senideei zuzendutako hamar laguntza-talde ditu, baita aisialdi eta denbora libreko programa, komunitatean autonomiaz moldatzeko laguntza-programa eta banakako laguntza psikologikoa ere. Baliabideei dagokienez, Eibarko zentroaz gain, elkarteak beste bi zentro kudeatzen ditu Donostiako Antigua eta Buenavista auzoetan, baita bederatzi tutoretzapeko etxebizitza ere. 

 

Irabazi asmorik gabeko elkarteak Hernanin kokatutako Karabeleko ekonekazaritza etxaldea ere sustatzen du. Bertan, 30 bat erabiltzailek egiten dute lan, Karabelekoren xede nagusienetarikoa baita buru gaixotasuna duten pertsonen errekuperazioa eta laneratzea bultzatzea. Proiektu honetan Kimu Bat enpresak eta Blasenea mintegi ekologikoak ere parte hartzen dute.

 

Agifeseko baliabide eta programetako asko Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika sailaren diru-laguntzari esker gauzatzen dira.