Baloia eskutik eskura doa. Pase bat, beste bat, jaurtiketa. Baina jokoan dagoena ez da pilota bakarrik. Talde bateko kide sentitzea, beste pertsona batzuekin elkartu eta helburu bera partekatzea, mugitzea, barre egitea, irabazi edo galtzea. Talde bateko kide izatearen sentimendu hori da, hain zuzen,host kirolaren balio nagusietako bat.

Horixe da Agifesen eta Bera Bera klubaren arteko lankidetzatik sortutako talde berriaren abiapuntua. Gainera, Gipuzkoako eskubaloi inklusiboaren Taupada Liga ofizialean jokatuko du, Zarautz, Txingudi eta Ereintza taldeekin batera. Ekimenak Gipuzkoako Eskubaloi Federazioaren, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioaren eta Bera Beraren babesa du. Emaitzen eta sailkapenen gainetik, proiektuak beste partida bat ere jokatu nahi du: desgaitasuna duten pertsonek kirolean eta komunitatean parte hartzeko aukerak zabaltzearena.

Kirola, komunitaterako ate

Jakina da jarduera fisikoak ongizateari mesede egiten diola, baina kirolaren balioa gorputza zaintzetik harago doa. Taldeko kirolean aritzerakoan, entrenamendura joateak errutina bat sortzen du; taldekideekin egoteak harremanak egiteko aukera ematen du; eta partida bat jokatzeak norberaren gaitasunak probatzeko eta helburu partekatu baten alde jarduteko aukera eskaintzen du.

Kantxatik kanpo ere jokatzen da partida

Kirol inklusiboak badu beste dimentsio garrantzitsu bat: aurreiritziak zalantzan jartzeko gaitasuna. Inklusioa ez baita pertsona bati espazio berezi bat eskaintzea, dagoeneko komunitatean existitzen diren espazioak pertsona orori irekitzea baizik. Horregatik, proiektu honen bitartez, normaltasunetik eta egunerokotasunetik egiten dugu sentsibilizazioa.

Bera Bera-Agifesen lehen denboraldian markagailuak egongo dira, noski. Baina badaude zenbakiekin neurtzen zailagoak diren beste emaitza batzuk ere: sortutako harremanak, irabazitako konfiantza, partekatutako uneak eta kantxara ateratzeko gogoa. Beharbada, horiek izango dira denboraldi honetako golik garrantzitsuenak.

LIGAREN GAKOAK

  • NORENTZAT: 16 urtetik gora eta desgaitasun aitortua duten pertsonek parte har dezakete, eta ez da beharrezkoa aurretik eskubaloian aritu izana. Talde mixtoa da.
  • LIGAKO TALDEAK: Bera Bera-Agifes, Zarautz, Txingudi (Irun) eta Ereintza (Errenteria).
  • PARTIDAK: joan-etorriko sei partida, hilean behin, azarotik aurrera.
  • GIPUZKOAKO KOPA: urriko azken asteburuan jokatuko dugu.
  • ENTRENAMENDUAK: asteazkenetan, hamabostean behin, 11:00etan Paco Yoldin (Donostia); taldearen bilakaeraren arabera, astero entrenatzeko
    aukera aztertuko da.

Parte hartu nahi duzu? Animatu!
943 47 43 37 · agifes@agifes.org