Buru osasunaren arloko aditu talde batek jakinarazi zuten atzo estigma oztopo nagusietako bat dela buru gaixotasuna duten pertsonen garapenean. Miguel Ángel González Torres Basurtoko ospitaleko Psikiatria zerbitzuko buruak baieztatu zuenez, “buru gaixotasunarekiko daukagun jarrera gizartearen buru osasunaren adierazlea da”. Torresek parte hartu zuen Fedeafesek, ASVAR, OME-AEN eta SVNP elkarteekin batera, antolatutako profesionalen topaketa batean. Jardunaldiaren helburua zen buru gaixotasuna duten pertsonen hiritartasun osoa lortzeko bide anitzen inguruko gogoeta egitea.

Yolanda Fillat Alter Civiteseko aholkulariak Fedeafes estigmaren inguruan garatzen ari den ikerlan bat aurkeztu zuen. Adierazi zuenez, kolektibo honekiko ikuspegi negatiboak “kulpa sentimenduak, bakardadea, larritasuna, sufrimendua eta tristezia” sortarazten ditu senide eta gaixoengan. Horrez gain, “lotsa, norbere burua gutxiestea, isolamendua, norbere gaitasunak ukatzea, motibazio eta itxaropen falta edota buru gaixotasuna ez onartzea” dakar. Hori gainditzeko modu gisa, senideen eta buru gaixotasuna duten pertsonen jabekuntza bultzatzea proposatu du, “euren burua baztertzen duten lehenak baitira”.

Ruth Encinas Agifeseko gerenteak elkarte honek estigmari aurre egiteko gauzatzen duen lana azaldu zuen. Zehazki, azken bi urteotan garatutako sentsibilizazio kanpainetaz mintazu zen.

José Antonio de la Rica Uribe Kostako Psikiatria zerbitzuko arduradun eta Euskadiko Osasun Mentaleko Aholku Kontseiluko idazkariak aurkeztu du Bizkaiko osasun sarean ezartzen ari diren pertsonen oneratzean oinarritutako eredua. Esku-hartze filosofia horren helburua da buru gaixotasuna duten pertsonek euren bizi proiektu zentzuduna garatzea, “norbere bizipoza bilatuz“. Horretarako, profesionalek “aditu” rola baztertu behar dute eta gaixotasuna duen pertsonaren “entrenatzaile” moduan jardun, bizitza normalizatua eramateko “esperantza” garatu dezaten.

Bestalde, Itziar Ceballos Avifeseko gerenteak Bizkaiko elkarte honen esku-hartze eredua azaldu zuen. Entitate horren xedea da erabiltzaileen eta senideen bizi kalitatea ahalik eta gehien indartzea. Ceballosen hitzetan, buru gaixotasuna duten pertsonen “autodeterminazioa” eta “jabekuntza” oinarrizkoak dira, izan ere, beren bizitzaren normalizaziorako beharrezkoa da pertsona hauen erabakimena lantzea eta euren erabakitzeko eskubidea bermatzea.

Gasteizko alkate ohi eta abokatu José Ángel Cuerdak, berriz, gizartearen aniztasunaren adierazle gisa irudikatu zuen buru gaixotasuna. Botere publikoen ardurari erreferentzia egin zion, “egiazkoa eta eraginkorra” den berdintasuna bermatzeko betebeharra baitaukate. Horrela, buru osasun arazoak dituzten pertsonak “duintasunarekin eta ongizatearekin” bizitzea eragozten duten oztopoak kentzeko eskatu die.

Donostiako Haur eta Gazteen Psikiatria zerbitzuko Arreta Goiztiarreko Unitateko ordezkari gisa, Psikomotrizitatean aditua den Verónica Gavilanesek eta María Jesús Arzamendi psikologo klinikoak parte hartu zuten jardunaldian. Egoera psikopatologiko larriena daukaten 3 eta 8 urte arteko haurrei arreta hobea eskaintzeko ospitaletik kanpoko zerbitzuak sortzeko beharra defendatu zuten, psikiatria klasiko edo tradizionalaren osagarri gisa.