Agifeseko eta buruko osasunarekin loturiko beste zentro batzuetako kideek bat egin zuten abenduaren 21ean, San Tomas egunean, Ibiltzen Benta Berrin, Gabonetako festa tradizionala zela eta. Ehun pertsonatik gora bertaratu ziren, eta horietako askok musika eta antzerki emanaldi politetan parte hartu…
Gabonei ongietorria egiteko festa ederra
Agifeseko eta buruko osasunarekin loturiko beste zentro batzuetako kideek bat egin zuten abenduaren 21ean, San Tomas egunean, Ibiltzen Benta Berrin, Gabonetako festa tradizionala zela eta.
Ehun pertsonatik gora bertaratu ziren, eta horietako askok musika eta antzerki emanaldi politetan parte hartu zuten. Benta Berriko erabiltzaile eta monitore taldeak publikoa txunditu zuen Disney-ren ‘Ederra eta Piztia’ klasikoan oinarritutako musika ikuskizun eder batekin. Ondoren, Ibiltzen Loiolako neska-mutilek Gabonetako antzezlan original bat eskaini zuten. Aisialdi eta Denbora Libreko taldeak eurek asmatutako gabon kanta bat abestu zuten, eta Eibarko taldea ere sormenaz baliatu zen, gabon kanta batekin hasi eta bizi-bizi dantzan amaitu baitzuten.
Ostera, Agifesek antolatutako postal lehiaketako irabazleei sariak banatu zizkien zuzendaritza batzordeko Rosalía Sánchezek. Sarituak izan ziren Kepa Iparragirre (lehen saria), Argoitz Zuazo (bigarrena) eta Iagoba Ochoa (hirugarrena). Horrez gain, bertaratu guztiek bonboi poltsa bana jaso zuten eta hamaiketako oparo batez gozatu ahal izan zuten, txistorra, patata tortila, urdaiazpikoa, fruitu lehorrak, edariak eta guzti.
