Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira, Agifesek Euskadi eta Estatu mailako elkarte-mugimenduaren eskaerekin bat egin du. “Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz” leloarekin, “estigmak buru gaixotasuna duten pertsonengan eragin larria duela” salatu nahi dute elkarteek. “Estigmaren ondorioz, gaixotasuna…
Gaixotasun psikikoen inguruko estigmari aurre egiteko neurriak eskatu ditu Agifesek
Urriaren 10ean ospatzen den Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira, Agifesek Euskadi eta Estatu mailako elkarte-mugimenduaren eskaerekin bat egin du. “Pentsaerak irekiz, estigmak itxiz” leloarekin, “estigmak buru gaixotasuna duten pertsonengan eragin larria duela” salatu nahi dute elkarteek. “Estigmaren ondorioz, gaixotasuna duten pertsonek euren tratamenduan aktiboki inplikatzeko zailtasunak handiak izan ohi dituzte”, jakinarazi dute.
Estigma horrek presentzia berezia du lan munduan; izan ere, lanpostua topatzeko zailtasun gehien duen kolektiboa da hau. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, buru nahastea dutenen %15k soilik du lana. Hori dela eta, elkarte mugimenduak “buru gaixotasuna duten pertsonen laneratzea bultzatuko duten politikak sustatzea” eskatzen du, baita “babestutako lan programak” garatzea ere, “pertsona hauen lana egiteko eskubidea bermatu ahal izateko eta bizitza normalizatzen lagunduko dien lanpostua eskura dezaten”.
Buru osasunaren zifrak
Datu ofizialen arabera, 25.000 gipuzkoar baino gehiagok tratamendua jasotzen dute buru osasun arazoak dituztelako. Euskadin, berriz, 80.000 pertsonatik gora dute nahasmendu psikikoa. Gainera, Estatuan, helduen %2,5-%3k buru nahasmendu larria du; hau da, milioi bat pertsona baino gehiagok. Halaber, buru gaixotasuna duten pertsona eta senide elkarteen Espainiako konfederazioak (FEAFES) emandako datuen arabera, biztanleriaren %9k buruko nahasmendu kroniko edo arina du, eta %15k bizitzan zehar horrelako gaixotasunen bat izango du.
Agifesetik egiaztatzen dute urtetik urtera laguntza-eskaerek gora egiten dutela eta elkarteak eskaintzen dituen baliabideak ez direla nahikoak eskaerei erantzuna emateko. 2013an, elkarteak 253 harrera berri egin zituen eta, gaur egun, eguneko zentroetan eta tutoretzapeko pisuetan eskainitako plazen ia %100 hartua dago. Gainera, urtean zehar, Agifesek 233 pertsonei eman zien banakako laguntza psikologikoa. Horrez gain, ia 200 pertsonek hartu zuten parte buru gaixotasuna duten pertsonei eta euren senideei laguntza emateko Agifesek Gipuzkoan eskaintzen dituen 14 taldeetan. Bestalde, 137 pertsonak parte hartu zuten elkartearen prestakuntza ikastaroetan.
Buru Osasunaren Munduko Egunaren harira antolatutako ekintzak
Buru gaixotasuna duten hainbat pertsona euren esperientziaz mintzatuko dira gaur, urriak 9, Ibiltzen Bentaberri zentroan egingo den mahai-inguru batean, 18:00etatik aurrera. Donostiako Antigua auzoan kokatuta dago errehabilitazio psikosozialerako zentro hori. Elkarteko profesionalek gidatuko dute saioa.
Bestalde, bihar, urriak 10, goizeko 11etatik aurrera, zentro horretako ateak zabalduko dituzte, interesa duen edonork instalazioak ezagutu eta Agifeseko egituretan zer nolako lana egiten den ezagutu ahal izan dezan.
Horrez gain, bihar arratsaldean, Iñaki Subijana Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko presidenteak buru gaixotasuna duten pertsonen egozgarritasunaren inguruko baldintza legal eta juridikoak ezagutzera emango ditu Legazpin. Besteak beste, sistema soziosanitarioaren eta juridikoaren arteko koordinazio egokia lortzeko espazioa eraikitzeko beharraz mintzatuko da hitzaldian. Izan ere, adituaren esanetan, ezinbestekoa da bi eremu horien arteko kolaborazio estua garatzea, esparru bietan sortzen diren beharrei erantzuna emateko. Agifesek antolatutako hitzaldia kultur etxean izango da, 18:30etik aurrera.
