Agifeseko (Alkarturik Gipuzkoako Famili eta Eri Psikikoak) langileak egiten ari diren grebaren inguruan argitaratu diren azken informazioen aurrean, irabazi asmorik gabeko elkarte honetako Zuzendaritza Batzordeak uste du komenigarria dela azaltzea nolakoak diren guk proposatzen ditugun soldata igoerak.

1- Hilaren 16tik, bandalismo ekintzak gertatzen ari dira zentroetan: silikonarekin itxitako sarrailak, pintadak, mehatxuzko kartelak, langileei irainak, etab. Horrelako jarrera erasokorrak asko zailtzen du konponbidearen negoziazioa.

2- Sindikatuek diote Agifeseko langileen oinarrizko soldata hilabeteko 750 eurokoa dela. Baina hori irakurketa partziala eta interesatua da. Lehen urteko monitore baten oinarrizko soldata, lan hitzarmenaren kontura den zatia barne, 13.790 eurokoa da, eta horri 2.400 euro/urteko gehitu behar dizkiogu pisuetan lan egiten badu edo 906 euro/urteko gauzazko ordainsaria jasoko du errehabilitazio psikosozialeko zentro batean lan eginez gero. Bietan ere jardun daiteke, eta bi gehigarriak jasoko ditu orduan. Modu horretan, monitore baten oinarrizko soldata 1.049 eurokoa/hilabeteko da eta 14 ordainketa egiten zaizkio. Soldata hau lehenengo urtean mantentzen da soilik, izan ere, urte baten ostean %10 + KPI igotzen da. Bigarren urtea betetzean beste 10% +KPI gehiago jasoko dute.

3- Edozein kasutan, kontzeptu hauez aparte, langile bakoitzari bere jardueragatik dagozkion plusak gehitu behar ditugu. Eta kontuan izan behar dugu Agifesen dagoen la egonkortasuna sektoreko batezbestekoaren gainetik dagoela.

4- Gainera, greban dauden langileek eskatzen dute urtean 20 ordu gutxiago lan egitea, opor gehiago izatea eta garraiobideetako plusak igotzea, beste hainbat aldarrikapenen artean.

5- Ez dute Agifeseko langile guztiek bat egiten grebarekin. Zentro batzuk normaltasunez funtzionatzen ari dira eta, gainontzekoetan, Eusko Jaurlaritzak agindutako gutxieneko zerbitzuak eskaintzen dituzte.

Azkenik, Batzordeak barkamena eskatzen du greba honek gure kideei eta erabiltzaileei sortutako eragozpenengatik. Asko sentitzen dugu gertatzen ari dena, izan ere, guztiok gara erabiltzaileren baten senide.