Hezkuntzaren eta garapen pertsonalaren alorretan irakasle, hezitzaile eta aholkularia den Pilar Quera Colominak norberaren ezagutza eta barneko oreka eta bakea lortzeko hainbat teknika gomendatu zituen iragan urtarrilaren 28an Ibiltzen Benta Berrin eskainitako hitzaldian. Agifesek bere 25. urteurrena dela eta prestatzen…
“Gure benetako nortasunaren zantzu asko galdu ditugu”
Hezkuntzaren eta garapen pertsonalaren alorretan irakasle, hezitzaile eta aholkularia den Pilar Quera Colominak norberaren ezagutza eta barneko oreka eta bakea lortzeko hainbat teknika gomendatu zituen iragan urtarrilaren 28an Ibiltzen Benta Berrin eskainitako hitzaldian. Agifesek bere 25. urteurrena dela eta prestatzen ari den ekitaldien egitarauari hasiera eman zion ‘Barneko egonkortasuna eta ongizatea’ izenburudun mintzaldi honek.
Kataluniako aditua Brahma Kumaris elkartearen ordezkaria da Espainian. Entitate horrek hezkuntza programa anitz, ikastaroak, mintegiak eta heziketa eskaintzen ditu hazkuntza pertsonalaren, pentsamendu positiboaren eta meditazioaren arloan. Hitzaldian azaldu zuenez, gure gizartean “norbere benetako nortasunaren zantzu asko galdu ditugu. Izaera hori da gure mamia, eta gure naturaren ezagutza ematen digu: gure barnean daukagun handitasuna eta edertasuna”. Bere aburuz, “kanpokoari ematen diogu arreta eta, hortaz, geure buruaz ezer gutxi dakigu: nor naizen, zerk mugiarazten nauen, zer sentitzen edo pentsatzen dudan… Eta hori oso garrantzitsua da, horiek baitira gure printzipioak, gure berezko baloreak, gizakiok batzen gaituzten ezaugarriak”. “Gure muinetik bereizita egoteak, denboran zehar, desorekara garamatza eta ezegonkortasun horrek ondoeza, antsietatea, beldurra eta beste desoreka asko dakartza”, adierazi zuen.
Quera Colominak Katalunian eta Guatemalan burututako hainbat hezkuntza erreformatan ere parte hartu du eta baloreetan oinarritutako heziketa programak sustatu ditu zenbait herrialdetan. Aditu honen ustetan, “pentsatzen ikasi behar dugu”. “Pentsamendu okerrenak iraganera edo etorkizunera eramaten gaituztenak dira, orainaz ohartzen uzten ez digutenak, hain zuzen”. Pentsamendu horiek sortzen dira, hizlariaren hitzetan, ez diogulako buruari arreta jartzen ez eta behar bezala zaintzen eta elikatzen. Ez gara ohartzen nola pentsatzen dugun, ez diegu gure pentsamenduei eta horien eraginei garrantzia ematen; hau da, ez diogu geure buruari galdetzen nora zuzentzen dugun gure pentsamenduen energia. Energia horren oreka berreskuratzen ikasi behar dugu eta, horretarako, etenaldiak egin eta meditatzeko estrategia erabil dezakegu. Harremanak, sentimenduak… azaletik bizi ditugu, arinkeriaz, eta gertatzen den guztia kritikatu eta epaitzeko joera daukagu. Zarataren gizartean bizi gara eta ez dago lekurik isiltasunarentzat, kontenplazioarentzat, gogoetarentzat… ez dugu denbora izaten kontzientzia hartzeko, baliagarria ez zaiguna edo giroa kutsatzen duenaz ohartu eta aldatzeko”.
Gakoa: arnasketa kontzientea
Hizlaria buruko gaixotasunak dituzten pertsonen zaintzaileei zuzendu zitzaien batik bat, eta gogorarazi zien zein garrantzitsua den beren burua zaintzea, ezinbestekoa baita eurak ondo sentitzea beren senideei lagundu ahal izateko. Zentzu horretan, teknika “oso sinple eta eraginkorra” proposatu zien momentu zailenetan tentsioak askatu eta beren buruaz jabetu daitezen: arnasketa kontzientea.
Ariketa moduan, publikoari aholkatu zion -eta hitzaldian zehar praktikan jarri ere egin zuen- orduero minutu bat hartzea beren arnasketari eta norbere buruari erreparatzeko. “Arnasketa sakona, minutu bat eta pentsamendu suspergarri bat (bakea, armonia, lasaitasuna, zoriontasuna edo gelditasuna ematen duena)”. Horrela, gonbita luzatu zien hitzaldira bertaratuei denbora hori aprobetxa dezaten ohartzeko nork zuzentzen duen beren bizitza, nora bideratzen duten energia, bai eta zer egin behar duten zorigaiztoko sentiarazten dieten pentsamendu edo gertaerak “momentuan eraldatu eta burua negatibotasunetik askatzeko” ere.
Informazio gehiago lortzeko, ‘Solo un minuto’ proiektuaren webgunea kontsulta daiteke. Ekimen horrek bost urtetik gora daramatza munduan zehar hedatzen eta helburutzat du “barneko bakea, kontzentrazioaren boterea eta indartze espirituala” bultzatzea eguneroko bizitzan meditazio teknikak barneratuz.
www.just-a-minute.org (ingelesa) / www.solounminuto.org.ar (gaztelania)
