Zuhaitz Gurrutxagak eta Agifesek nahasmendu obsesibo-konpultsiboa jorratu eta buru osasuna hobetzeko gakoak partekatuko dituzte
- Ekitaldia: Hitzaldia | Nahasmendu obsesibo-konpultsiboa: buru osasuna hobetzeko gakoak
- Data: 03 EKA 2025
- Tokia: Donostia. Lugaritzeko kultur etxea
- Ordua: 18:00
- Hizlaria: Zuhaitz Gurrutxaga, futbol jokalari ohia eta umorista
Zuhaitz Gurrutxaga futbolari ohi eta umoristak nahasmendu obsesibo-konpultsiboarekin bizitako esperientziak partekatuko ditu ekainaren 3an Donostian. Lehen Mailako jokalari gisa eman zituen urteetatik hasi eta gaurdaino, bakarrizketagile eta aktore gisa egin duen bidea jorratuz, Zuhaitzek buru nahasmenduak bere bizitza pertsonal eta profesionalean izan duen eragina azalduko du, bere estilo hurbil eta dibertigarriarekin. Agifesek antolatutako topaketa Lugaritzeko kultur etxean izango da 18:00etatik aurrera, eta Gurrutxagak hainbat gako emango ditu nahasmenduarekin bizitzen ikasteko. Horrez gain, azalduko du nola bihurtu duen sufrimendua besteekin konektatzeko tresna.
Zuhaitz zentro espezializatu batean egon berri da hainbat dinamika terapeutikotan parte hartzen, eta egonaldi horri buruz ere mintzatuko da. Agifeseko psikologo Nekane Azuabarrena ondoan izango du, eta TOCari buruzko ikuspegi teknikoa eta profesionala emango du. Ohiko hitzaldia baino gehiago, hizlariaren eta bertaratutako pertsonen artean esperientziak, bizipenak eta ikaskuntzak trukatzeko gune irekia izango da.

