‘Horma zurietako iratxoak’ liburua aurkeztu zuen atzo Oiartzunen Álvaro de la Fuente Agifeseko kideak, eskizofreniarekin bizi duen esperientziaren berri ematen duen lana. Udaletxean ospatutako ekitaldian izan ziren Álvaroren bikote eta elkarteko bazkide Aloña Aristizabal, Udaleko kultur arloko arduradunak eta Iker Arrizabalaga Agifeseko psikologoa.

Bertaratuek, borobilean eserita, konfiantzazko giroa sortu zuten, gehienak herrikideak baitziren, eta hartu-eman interesgarria sortu zen guztien artean. Álvaro naturaltasunez mintzatu zen bere liburuari eta bizitzari buruz. Lehenengo aldia da Gipuzkoan buru gaixotasuna duen pertsona batek horrelako liburu bat argitaratzen duela, Arrizabalagak aditzera eman zuenez. Psikologoak oso bereziki baloratu zuen Álvarok egindako lana, eta jakinarazi zuen Agifeseko errehabilitazio psikosozialerako zentro batetik pasa ondoren bizitza autonomoa eramatea lortu duela gazte oiartzuarrak, bere bikotearekin batera.

Liburuak bere bizitzako gorabehera garrantzitsuenak jasotzen ditu. Eskizofreniaren diagnostikoa, jatorria, bere inguru bortitza eta bizimodu gogorra gaztaroan, kontsultak, tratamenduak, osasun mentaleko zentroetan egindako egonaldiak, eta abar. Barne bidaia azkar bat eginez, buru gaixotasunaren sufritu izan duten pertsonekin bat egiten du egileak. Fikzioa eta errealitatea nahasita, etengabeko eta eguneroko esfortzu handi baten berri ematen digu.

Salgai dago liburua, 5 eurotan, Agifesen egoitzan.